HAMABI LAGUN HILKORRAK
Fork Falls-eko errepidea herritik hiru miliara dago, eta han aritu da lanean preso-katea. Bidea makadamezkoa da, eta zuloak konpontzea eta tarte arriskutsu batean zabaltzea erabaki zuen konderriak. Hamabi lagunek osatzen dute katea; espetxeko marra beltz eta zuridun jantzia daramate denek, eta elkarri kateatuta daude orkatiletatik. Armadun guardia bat dago, eta haren begiak bi zirrikitu gorri baino ez dira, eguzki-distiraren ondorioz. Preso-kateak egun osoa eman du lanean: eguna argitu eta gutxira iritsi dira, espetxeko gurdian pilatuta, eta abuztuko ilunabar grisarekin eraman dituzte. Egun osoz dago buztin-lurra kolpekatzen duten pikotxen hotsa, eguzki errea, izerdi-usaina. Eta egunero dago musika. Ahots beltz batek esaldi bat botatzen du, erdi abestuta, galdera bat balitz bezala. Handik gutxira, beste ahots bat batzen zaio, eta laster batean talde osoa ari da kantuan. Ahotsak ilunak dira urrezko argitan; musika, nahaste korapilatsu bat, tristea bezain alaia. Musikak hazten jarraitzen du, eta, azkenean, ez dirudi hotsa kateko hamabi lagunetatik datorrenik, baizik eta lurretik bertatik, edo zeru zabaletik. Musikak puzten ditu bihotzak eta uzten ditu entzuleak estasiak eta ikarak jota. Orduan, pixkanaka, hotsa baretzen hasten da, ahots bakar bat geratzen den arte, gero hasperen sakon eta zakar bat, eguzkia, pikotxen hotsa isiltasunean. Eta zer talde klase da, horrelako musika egin ahal izateko? Ba, hamabi lagun hilkor, haietako zazpi beltzak eta beste bostak zuriak, konderri honetakoak. Elkarrekin dauden hamabi lagun hilkor baino ez.
Carson McCullers
Maialen Garagarzak euskaratutako Carson McCullers-en testua. Joseba B. Lenoir-en Hamabi lagun hilkor kantaren inspiratzailea eta azkenik komiki honetan bihurtu dena. Gaztezulo aldizkarian kaleratua.











