Abortuarekin gerran
Abortu eskubidearen aurkakoak xaxatu ditu Gregg Cunningham militar ohiak. Atzo Donostian hitzaldia emanda, Bilbon arituko da gaur. Abortuaren aurkako jarrera zabaltzeko, irudiak erakustera animatu du.
[2013-9-19, Berria]
Pentagonoan eta Vietnamgo gerran ikasitako estrategiak abortuaren aurkako «batailan» aplikatzen ari da Gregg Cunningham. Abortuaren kontrako ekintzailea eta militar ohia da Cunningham, AEB Amerikako Estatu Batuetakoa. Mezua utzi die abortuaren aurka hasi nahi dutenei: irudien bidez erakusteko zer diren abortuak. Hitzen bidez konbentzitu ezin direnak irudien bidez «irabazi» ditzaketela, horretan du fedea Cunninghamek, eta gerra horretan dihardu, armadatik erretiroa hartuta.
CBR Erreforma Bioetikoaren Zentroko zuzendaria da Cunningham, eta abortuaren aurkako kanpainak sustatzen dihardu munduan barrena. Maternity proiektuak ekarri du Euskal Herrira—atzo Donostian eman zuen hitzaldia, eta gaur Bilbon arituko da—. Haurdunaldian dauden andreak ez abortatzera bultzatzeko proiektua da Maternity. Eta Cunninghamen erakutsiei jarraitzeko asmotan dela iradoki zuen atzo. Hitzaldian, proiektuko kide batek. Azaldu zuen urrian manifestazio bat egiteko antolatzen ari direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «bizitzaren aldeko» taldeak. Kanpaina bat ere hastekoa dute abortu eskubidearen aurka.
Abortatu nahi duten emakumeei babesa eta aholkularitza ematera animatu ditu entzuleak Maternityk. «Ezin dugu lo hartu. Talde feminista batzuek antolatuko dute abortatzen laguntzeko sare bat, eta diruz lagunduko dute, guk baino diru gehiago dutelako, lobby fuertea baitute atzetik. Jakin dezazuen esaten dizuet». Abortatzen duten emakume asko behartu egiten dituztela eta bakarrik daudela ohartarazi du: «Gizarteak, familiak, legeak, eskolan hedatzen ari diren ideologiek... behartzen dituzte abortatzera». Boluntario gisa aritzera eta abortuaren aurka ekitera animatu ditu entzuleak, 50 bat herritar atzo Donostian. Han zen Jose Ignacio Munilla gotzaina ere.
Bidea erakutsi die Cunninghamek. AEBetako Pentagonoan planifikazio estrategikoan lanean aritutakoa da 11 urtez. Abortuaren aurkako jarrerak nola sortu, estrategikoki planifikatu daitekeela erakutsi du. Poloniako datua eman dute: lehen herritarren erdiak baino gehiagok babesten omen zuten aborturako eskubidea; irudi bidezko kanpaina bat egin zutenez geroztik, %10 ere ez bide dira. Horretarako, gizarte gatazka gehienetarako oinarrizko ikasgaia izan daitekeena erakutsi du Cunninghamek: edozer dela ere eztabaidagaia, beti egongo da gizartearen portzentaje bat alde, eta beti egongo da portzentaje bat kontra; gaitz izango da horiek iritziz aldatzea. Baina tartean egon ohi da gizartearen zati handiena, eta zati horretatik asko abortuaren aurkako jarrerara erakartzeko modua badagoela uste du Cunninghamek. Hitzekin konbentzitu daitezke haietako batzuk. Baina eraginkorrago iruditzen zaio irudiekin egitea.
Irudien indarra
Abortuaren aurkako arrazoiak eta argudioak apenas aipatu ditu Cunninghamek. Irudiak eta irudiak erakutsi ditu. Irudietan jarri du indarra. Eta irudien indarra nabarmendu du. Gogora ekarri ditu historian aldaketak eragin dituzten mugimendu batzuk: esklabutzaren aurkakoa, umeak lanera behartzearen aurkakoa, beltzen eskubideen aldekoa, juduen holokaustoa ukatzearen aurkakoa... Mugimendu horiek guztiek ezintasun eta ukapen asko izan zituztela gogorarazi du. Hitzekin ez zuten aski erakutsi nahi zituzten «izugarrikeriak» adierazteko. Mugimendu horiek arazoa erakusteko irudiak erabiltzen hasi zirenean hasi zen «iritzi publikoa» jarrera aldatzen. Gauza bera egin nahi du militar ohiak: abortua «benetan» zer den erakutsi, irudien bidez, herritarren iritziak bereganatzeko: «Abortua irudien bataila bat bihurtu da».
Abortuaren aurka AEBetan egiten ari diren ekintzak erakutsi ditu Cunninghamek. Irudiekin eta bideokin, noski. Unibertsitate publikoetara joaten dira, esaterako. Abortatutako fetuen irudiak erakusten dituzte, txartel handi batzuk jarrita atarietan. «Jendeak gure txartelak ezkutatzen ditu oihalekin; txikitu ere bai. Hain ona baldin bada abortatzeko ideia, zergatik abortua defendatzen dutenek ez dute ikusi nahi abortuak zer itxura duen?». Irakasleek ikasleei gezurra esaten dietela eta eurek «egia» erakusten dietela adierazi du. Prest da aurrera egiteko, salaketak jaso arren: «Ikasleek lezioak ahaztuko dituzte, baina gure pankartekin oroituko dira. Erakusketa horien helburua da jendeak pentsatzea pentsatzen ez duen zerbaiti buruz. Nahi dugu ikasleek pentsatzea abortua genozidio bat dela».
Bestelakorik ere egiten dute, beti irudiekin. Abortu klinika batek egindako bideo bat boikotatu eta abortuaren irudiak txertatuta kokatu zuten Interneten, adibidez. Txartelak ere sortzen dituzte, zenbait ideiari aurka egiteko. Feministek erabili ohi duten Nire gorputza da aldarriari, esaterako, Eta hau noren gorputza da? leloa duen fetu baten irudia kontrajartzen diote. Edo Al Qaedako ustezko kide batek moztutako buru bat erakusten dute fetu baten aldamenean. Hauteskunde kanpainetan, berriz, hautagaiak jarraitzen dituzte atzetik, abortuen irudiak itsatsiak dituzten kamioiekin. Barack Obamari ere egin ziotela azaldu du irriz Cunninghamek.
«Abortuarekin bukatzeko egin behar ditugun gauzak oso arriskutsuak eta garestiak dira, eta gutako asko ez gaude prest prezio hori pagatzera». Abortu eskubidea ezabatu nahi bada, ordea, «arrisku» horiek hartu behar direla ohartarazi du, bere ustez «bizitzaren aldeko» taldeek «gutxiegi» egin baitute orain arte. Bere burua justifikatu: «Erasokorra naiz, ume hauek hiltzen ari diren pertsonak erasokorrak direlako. Erasokor izatera animatzen zaituztet, fetuak hiltzen direlako Jainkoaren justiziaz baino gehiago kezkatzen garenean gure erosotasunaz».













