Bizitza da, baina ez da ezer
La grande belleza. Filmaren soinu banda:
Kanoikada bat. Eguerdiko hamabiak. Jendea txaloka. Hegan hasi da kamera, eta zu harekin. Roma o Morte. Garibaldiren omenezko oroitarria. Lore koroaren aurrean gizon bat. Negarrez, edo ia negarrez. Busto bat. Beste gizon bat eskultura baten atzetik zelatan. Emakume bat, zigarreta pipatzen. Bermatua beste busto batean. Armiarma sareak ditu bustoak. Pobre bat lo jesarleku batean. Parke bat. Argia. Eguerdia da eta bero egiten du. Beste gizon bat, mahuka hutsik, fontana dell'Acqua Paola Gianicoloko uretan freskatzen. Gizon bat mahuka hutsik, artelan horretan freskatzen. Artea eta bizitza. Zatarra eta ederra. Edo alderantziz. Kilkerrak. Eta emakume abesbatza bat, kantari, zurrun, beltzez jantzita. Edozer gerta liteke hemendik aurrera. Erroma da. Erroma eder eta zaharra. Erroma eder eta zaharrera murgildu zaituzte. Turista japoniarren talde bat fontana ertzean. Turisten gidaria, ohartzen haietako bat taldetik aldendu dela. Balkoi bat Erromara. Zeinen pozik dagoen japoniar hau Erroma ederrari Erroma zaharrari begira. Argazkiak ateratzen. Derrepente jausi da lurrera. Hil egiten du Erromaren edertasunak.
Irrintzi bat. Ez minezkoa, ezpada plazerezkoa. Terraza bat. Amildegi bat Erromako leku pribilegiatuenetako batean. Eta festa basati batera murgildu zaituzte orain. Konturatu ere ez zara egin kasik. Erromaren sakonetik datorren oihu barbaro horrekin. Erroma edertasuna da, egun argiz hiltzen duen gazte eder hau, eta gauez zatarrak eder egiten dituen atso zahar hau. Mariachiekin. Eta gogó-ekin. Rafaella Carra amodioaren edo larrua jotzearen (ba al da alderik Erroman?) apologia egiten. Artista bat ligatu nahi du Romanok. Baina aktore gazte bat begikoago du artistak. Romanoren muturren aurrean, bi gazteak berbetan. Solas ustez sakona. Gazteen Erroma huts hori. Zaharren Erroma hau bezain hutsa. Proust. Nobela proustiar bat idatzi nahi du artista gazteak. Badakizu ez duela idatziko. Dena da gezurra Erroman. Aktorea bi paper egiten ari da. Aita sainduarena batean. Drogazale batena bestean. Erroma bitarikoa. Erroma zerukoa. Infernukoa, Erroma. Romano ez zaie batere interesatzen gazteei. Zaharrak eta haien jakituria ez zaizkie batere interesatzen gazteei, dena esateko. Entzun duzu lehen dialogoa: bi gazte huts intelektual usteko berbetan, literaturaz jantzitako limurtze estrategietan, Romano zaharra alboratzen. Zahartzen ari dela onartu nahi ez duen Romano hau.
Silvio Berlusconi. Ez dago amildegi ertzeko terraza honetako bestan. Baina egongo balitz ere, zer? Balitzateke alderik? Berlusconiren Erroma delako hau. Baina besta honek badu bere jainko paganoa. Jep Gambardella du izena. Eta 65 urte ditu bete berriak. Telebistako diva zahar bat Koliseoaren (antzoki anker haren) itxurako tarta gisako batetik irteten. Eskuineko titian, 6; ezkerrekoan, 5. Gloria zahar guztiak eta snob gazte guztiak belaunikatzen Jep Gambardellaren aitzinean. Musu ematen diote. Musu ematen die. Stripper-ak dantzan jarraitzen du areto sofistikatu zurian. Orain Mueve la colita dantzatzen ari diren horietan dira Jepen adiskideak, laster ezagutuko dituzunak. Oraingoz aurpegi zahar eta demakratuen bilduma bat besterik ez da, guztiz arrotzak zaizkizunak. Ederrak eta zatarrak, denak batera dantzan, Erroma ertzeko amildegi honetan, antzoki anker honetan. Dantza eroaren erdian kamera geldotu da, Jepek zigarreta bat pitz dezan. Ez da oraintxe ikusi duzun bera. Jep honek begirada du galdua. Itzalia. Off-etik hitz egin dizu. Umetan adiskideek emakumeen aluak omen zituzten maiteen. Zaharren etxeetako usaina nahiago izaki berak. Zaharren etxeetakoa, nongoa bestela. «Sentsibilitate berezi baterako» jaioa zen. Idazle bihurtzera deitua. Jep Gambardella bihurtzera eramana. Zaharren etxeetan eta nostalgian bizi den Jep hau. Bestea bestarik besta dabilen bitartean.
Romano eta artista autoan, artistaren etxe atarian. Gazteak zaharra engainatu du, aireportura eraman dezan hiru orduren buruan. Baina ez dio etxera igotzen utziko. Balizak egiteko bakea behar du. Horra gazteek nola darabiltzaten zaharrak. Erroman. Besta bukatuta, Dadina bakarrik gelditu da. Ederra, stripper-ak berotu duen areto sofistikatu zurian sartzen den momentua. Piztia bat edertasunaren kaiolan. Zer da ederra? Zer, lerdena? Zer, liraina? Gazteak ez bederen. «Zaharra ederra da». Dadinak berak gaztigatuko zaitu geroxeago, ez oraindik. Orain, lasai. Adiskideak joanak dira, eta Dadina amildegiaren ertzean dabil oinez, bakarrik.
Goiza da. Moja gazte batzuk barrez hesi batean. Gizon bat, txakurra duela arrastaka. Iturri zaharrean freskatzen, Jep. Emakume etorkin bat telefonoz. Uzteko bakean, esan diola ez duela ezer jakin nahi. Mojagai gazteen kuriositatea. Moja zaharraren ajeak. Eguneroko bizitzaren edertasunaren distira eten eta urriak: moja baten soineko zuria, laranjondo batetik zintzilik, soroan laranjak. Irudi ederra. Koadro bat. Distira eten horietako bat. Estetika hutsa. Jep liluratua. Beste Jep hori. Ez bestako jainko pagano hura. Jep esteta eta behatzailea. Oraindik hil ez dena. Jep, etxerako igogailuan, bizilagun siniestroarekin. Ederra Catelli jostunaren jantzia, ez da hala? Isilik, auzoa. Kode ikaragarri luze eta ezin memorizatuzkoa, etxera sartzeko. Jep zurtua. Jepen neskamea, Erromako jende arrunta, sinplea, ez dakiena literaturez eta filosofiez. Egunez bizi dena. Jep, ohean. Hor dauka itsaso bat sabaian. Iraganean lokartu da Jep.
Eta hamaka batean esnatu da, traje zuriz jantzia. Hori da egunaren egona. Whiskia eskuan. Aldameneko mojen komentuko algarek jaikiarazi dute. Aitzakia ederra, Koliseo ondoan (antzoki anker horren ondoan) bizi dela entera gaitezen. Mojen patioan, algarak eta jolasak. Obszenidadetik gertu dauden irudiak. Moja bat eta ume bat jaten, hormako irudi biluzien aurrean. Eta zer, jatea baino obszenoagorik? Zerua eta infernua. Infernua, zeruan bertan. Erroma pagano eta sakratua, eskutik helduta. Umeen inozentzia. Helduon begirada lizuna. Jolas hutsa da lorategiko hau?
Lan ere egin beharko da. Eta artista kontzeptual bati egurra emateko aukera paregabea da Jepentzat. Zapi zuriz burua estali. Zutitu. Gorriz tindatuak ditu aluko ileak, komunisten igitai eta mailu horiekin. Autopista zati baten gainean, lasterka abiatzeko jarreran. Akueduktu baten kontra jota bere burua, odol zauri ñimiño bat buruan. «Bibrazioak» sentitzen ditu. Artista kontzeptualak ez du beste ezer esplikatu beharrik. Baina «irakurle serioentzat» idazten duen kazetaria da Jep. 65 urteak ez dira txorakerietan ibiltzeko. Zuzendariari kexatuko omen zaio artista. Dadinak barre egin dio Jepen ateraldiari. Arroz zaharra jan dute. «Arroz zaharra berria baino askoz ere hobea da». Bai, Jep. Zaharra, egin berria baino askoz hobea. Talentua alferrik galdu duela, Dadinak. Idazle handia behar zuela. Zergatik ez zuen beste libururik idatzi, gaztetako nobela bakar arrakastatsu haren ostean. L'apparato umano. [Honezkero, Interneten ere azaldu dira ustezko liburuaren azalak]. Agian ez zuela hainbesteko talenturik, Jepek. Romanok ere esan dio, elkarrizketa liburu bat hitzartu diola eta 1.500 euro aurreratu dizkiotela; Jepek, itzuliko diola berak diru hori. Uzteko elkarrizketa liburuak. Ez duela literaturatan hasteko asmorik. Eta alokatu diola antzoki bat.
Afari bat. Beste afari bat. Afaria gaur ere. Flaubertek idatzi nahi izan zuela ezerezari buruzko nobela bat. Azkenean ez zuela lortu. Bai, Jep, halaxe da. Zuk idatziko duzu? Ez. Gaur adiskide berri bat duzue afaritan, Orietta, eta ez da nobeletarako tenorea. Aitzakia ederra Jepen lagunak ezagutzeko, Oriettari aurkezten dizkion bidenabar. Amildegi ertzeko bestan agertu zaizkizun aurpegi horiei izena eta izana jartzeko. Etxera, periferiara, jauregi batera. Badoaz Jep eta Orietta. «Eta zertan egiten duzu lan?», emakumeari. «Aberatsa naiz». «Oi, ogibide ederra!». Bai, noski, larrua jo dute. Baina Oriettak uste du ez dela guztiz ongi aritu. Jepek ez dio ezezkorik esango, klaro. «Abilidadea» hartzea ez dela ona, besterik ez. 65 urte ez dira txorakerietan eta gezurretan ibiltzeko. Bere buruari egiten dizkion fotoak erakutsi nahi dizkio emakume aberatsak. Autofotoak. Facebookeko adiskideek esaten bide diote onak direla. Etxe arrotzeko balkoian zigarro bat erretzen, Jep. 65 urte eta gero, gauza bat ikasi du: ez dagoela denbora alferrik galtzeko egin nahi ez dituen gauzetan. Orietta itzuli da fotoekin. Gela hutsik dago.
Violaren semea, gorriz tindatua. Larrugorri, inoiz baino zehatzago esanda. Badakizu, Violak esana dio Jepi, semeak laguntza behar duela. Badakizu garrantzia kendu diola Jepek. Jepek baditu beste obligazio batzuk. Adibidez. Gau ederra da kalean ibiltzeko Erroman. Eta goizaldean Tiber ondotik paseatzeko. Eta gogoratzeko Jep 26 urterekin iritsi zela Erromara. Eta ez duela beste nobelarik idatzi harrezkero. Ezerezaren antzerkia den giro nihilista, snob eta autosufiziente honetara amildu zelako. Badoaz hiru gizon lasterka Tiber ertzetik. Eta bada gazte bat ontzitik Jepi begira geratzen dena. Mundanoen errege izan nahi zuen Jepek. Besta guztiak izorratzeko gaitasuna eskuratu. Horretan eman ditu azkeneko lau hamarkadak. Eta zer egin du lau hamarkada eta gero? Zer gelditzen zaio? Zer egin dezake, hainbeste denbora eta gero?
Berriro berandu, alegia goizean, etxera itzuli denerako, Jepek zain du gizonezko bat eskailburuan. Elisabettaren senarra. Jepen gaztetako andregaiaren senarra. Hil egin da Elisabetta. Bi gizon negarrez, eskailburuan. Moja baten barre eroa kalean. Heriotza eta algarak parez pare, berriro. Bizitza ero hau, heriotzaren atari ero hau. Euria ari du. Sarri. Elisabettaren senarra, Jep besoetatik helduta, bakarrik ez uzteko erregutzen. Beste bi moja, aterkipetik, gizonei arraro begiratzen. Elisabettaren senarrak bere etxera eraman du eta esan dio emakumeak eguneroko bat idazten zuela. Irakurri duela. Eta Jep izan zela andreak inoiz maitatu zuen gizon bakarra. Senarra, bera, gizon bizarzuri negarti hau, «konpañero» on bat besterik ez zela izan. Kontsolatzen saiatu da Jep. Lehen aldia izango du norbait kontsolatzen saiatuko dena, agian. Goiz oheratu da gaur. Eta, sabaian, itsasoa berriro. Itsasoan murgil eginda dago Jep. Ontzi bizkor batek ia azpiratuko du. Neskato batzuk ditu begira. Urpean murgil eginda salbatu da. Jep gaztea uretatik irten denean txaloka hartu dute neskek. Bada bat, haien artean... Bada neska bat... Ilehori bat... Txalorik eta oihurik egin ez duena, baina adi begiratzen diona.
Eta goiz esnatu. Sukaldean, neskamearekin. Goizez esnatu; jarduera berri bat. Jepek ez daki zer egin. Jep ez dago ohituta ordu hauetara. Zer egin liteke goizetan? Romano bisitatu du, haren etxean. Lehen aldiz 40 urtean. D'Anunzzioren adaptazio bat egin nahi du Romanok. Intelektualismo horiek uzteko, Jepek. Izu dela. Talenturik ez duela pentsatuz babesten dela halakok eta bestelakok esandakoetan. Uzteko. Idazteko beretik. Jepek ere, akaso, zerbait idatziko duela. Romanok, ea zer gertatu den. Jepek, ez dela ezer gertatu. Zer bada? Idazten hasiko bazara, zerbait gertatu den seinale. Ez, ez da ezer gertatzen. Nola esango dio Romanori duela 40 urteko maitasun hark erretzen duela oraindik. Oriettarekin zer moduz, Jep? «Emakume ederrak ez dira aski nire adineko gizon batentzat». Ikasle pisu batean bizi da Romano. Hamar egunez elkarri mukiak jaten ari den bikote gazte bat sukaldean. Oi, gazteak.
Gazteak larrutzen ari da Stefi. Afarian. Beste afari baten osteko tertulian. Beste afari bat. Ikasi eta atzerrira joaten direla gazteak, ez itzultzeko. Ez dutela gizarte bokaziorik. Berak bazuela gizarte bokazioa, soberan, eta baduela oraindik ere. Ateraldiagatik barrez Jep zinikoa. Gezurrik ez esateko. Zer esan duen gezurretik, Stefik. Badituela bi barrabil, esateko esan behar diona. Ez duela gezurrik esan. Ados, Jepek. Ados. Unibertsitatean komunetan izaten zuela Stefik gizarte bokazioa. Senarra beste gizon batekin maitemindua daukala, mundu osoak omen dakiena. Idatzi dituen 11 nobelak denbora-pasa bat direla. Alderdiak ordaindu dizkiola, hango buruetako batekin oheratzen delako. Alderdiaren argitaletxe txiki batek publikatuak, horiek ere enkarguz. Telebistan reality batean hainbeste ordu lan egin eta gero, beti baduela bestaren bat edo ekitaldiren bat. Eta ea noiz arduratzen den ba bere seme-alabez. Handikerietarako eta txorakerietarako zahartu direla. Pretentsiorik gabe, barre egiteko kontu batzuk esan ditzagun, elkarri konpainia eginez. «Guztiok gaude desesperazioaren amildegian». Negarrari ezin kontu eginik, badoa Stefi. Gero agertuko zaizu. Larru bizitan jarriko zaizu. Eta jauzi egingo dizu. Igerilekura. Luxuzkoa baitu etxea. Semea beste igerileku batean ari zaio entrenatzen. Hori da bakardadea, noski.
Gaua da oraindik ez du argitu. Badoa Jep kalean. Via Veneto? Honezkero ez da La dolce vita-ko karrika hura bera. Hemengo honetan txinatarrak daude. Emakume gazte bat zakurra paseatzen. Musulman bat jaten eta haren emaztea ezpainak itxita eta aurpegia estalita. Erromatar berriak ikusten ari zara. Bizilagun susmagarri siniestroa, cadillac zuri batean, ia Jep harrapatu arte urreratzen. Cadillac-aren barruan zer gertatzen ari den, auskalo. Susmagarria dela, seguru. Larrugorritze klub bateko jabearengana doa Jep. Aspaldiko adiskidea. Ezkondu eta alaba bat eduki zuen. Ramona jarri zioten alabari; izenari handiusteko deritzo Jepek. Emakumeak 43 urte ditu, senarrik ez, diru guztia xahutzen du, eta striptease-ak garai batean bezala egiten tematua dago. «Oraingo garaiak ez dira lehengoak bezala», Jepen adiskideak. Oraingo errusiar horiek edozer gauza egiten dute. Lehengo streaptease finek ez dute zentzurik gaurko eguneko azalkeria honen erdian. Finezia guztiak galdu diren garaiotan. Larrugorritu da alaba. Eta badator. Jepek, ez duela ligatu nahi. Senarra bilatzeko esan diola aitak. Aita komunean dago, heroina txute bat sartzen. Isilik gelditu da Jep. Stefiren aurrean gaitasun guztiak agertu ostean, lehen jausialdia, Ramonaren aitzinean: «Zahartua sentitzen naiz».
Romano eta Ramona. Otsoak Tiber ertzetik salbatu zituen Romulo eta Remo? Baina, ez. Jep den otso bakarti honek ezingo ditu salbatu. Ez bata. Ez bestea.
Ramona, flotagailuarekin, etxeko igerilekuan. Jep da atalondoan. Zelatan? Ez, «kuriositate humanoa» baizik ez dauka. «Hain arraroa al da?». «Ez zait inoiz gertatu». «Ba gertatzen ari zaizu. Bazkaltzeko asmorik baduzu?». Bazkaltokian, jende ezaguna. Jepek denak ezagutzen ditu. Edo, zehatz esanda, denek ezagutzen dute Jep. Moja bat eta apaiz bat, bazkaltzeko, barrez. Obszeninade bat. Violaren semea. «Proustek esaten du gaur arratsaldean hilko garela». Mutil hau ez dago sano. Gazte hauek ez daude sano. Nobelagile horiei ezin zaie dena sinistu, Jepek. Gaur arratsaldea dagoeneko pasatu da, beraz, bihar arratsalderako utzi heriotzak. «Zuk ez ulertzeak ez du esan nahi inork ezin duela ulertu». Hara, Jep, zer erantzun behar diozu horri? Ez, Jepek ezin du erantzun. Ez daki zer esan. Gaitasunak galtzen ari da. Zahar sentitzen hasia dago. Viola. Semea bidali du lekua hartzera. «Askoz hobeto dago, ezta?». Bai, bai, seguru, askoz hobeto, Viola. Bihar arratsaldean bere buruaz beste egingo du Violaren semeak. Autoarekin. (Nola suizidatu liteke gizon bat, bestela, XXI. mendean?). Baina heriotza guztien gainetik jarraitzen du heriotzaren atariak aurrera egiten. Eta aurrera egiten. Eta Ramona eta Jep etxean daude orain. Ramonaren lehen larrujotzea tamalgarria izan zen. Mutilak futboleko baloiarekin akrobaziak egiten bukatu zuen. Jepen lehen aldia, ordea... itsasargia, ilargi betea... lehen aldia... Neska ilehoria hurreratu zitzaion, baina ez zion musurik eman... atzera urrats batzuk egin eskaileretan gora... eta esan zion... esan zion... zera... Ramonari berandu egin zaio. Etxera itzuli behar du. «Nahi duzu bihar besta batera joan?».
Emakume titi handi bat. Txartela hartu du. Ilararako. Harategi bat da, harategi hutsa, baina ez da harategi bat, luxuzko harategia baizik. Gizon bat bata zurian. Xiringarekin eskuan. Orain botoxa dator xiringetan lehen heroina etortzen zen bezala. Emakume zaharrak. Gazteak. Gizonak. Eta baita moja bat ere. «Adiskidea» edo «maitea» deitzeko eskatzen die, eta xiringa astintzen du petrikiloak. «Hautsi egin duzu elkarrekin egiten ari garen bidea» gaztigatzen ditu apaiz-petrikiloak. Erlijio bat da botoxa. Zur eta lur dago Jep, besaulki gozoan. Horrelako kontuak ditu kazetaritzak. Imajinatu ere egingo ez zenukeen lekuetara eta jendea ezagutzera eramaten zaitu, Jep. Hauxe da ba Erroma, enteratu ez bazinen. Ederra da Erroma hau, Jep?
Besta bat. Beste besta bat. Gaur ere bai. Emakume bat urduri, horma beltz baten aitzinean. Hasi zaizkio labanak jaurtitzen. Gorputzaren ondoan iltzatzen dira horma beltzean. Eta tinta urdina irteten da labanak sastakatutako hormatik. «Itxura liraina» margotu diote andreari. Kantariak zuzenean. Etxe aurreko lorategian dantzari. Gaua berriro. Ramona, soineko garden batekin, Jepen aldamenean. «Zoragarri zaude, Jep», esan diote. «Zoritxarrez ezin dut gauza bera esan zure senarraz», erantzun die. Neskato bat behartu dute gurasoek. Margotu dezan. Ez du nahi. Jolastu baizik ez luke nahi, jauregiko umeekin. Indarka atera dute, jauregiko umeak lotara bidalita. Bortxaketa bat da, zalantzarik gabe. «Berandu da, lotara joan behar dute». «Ni ere ume bat naiz. Nik ere lotara joan behar dut, orduan», erantzun die artista bide den umeak. Mihise zuri handi bat. Pintura potoak. Eldarnio batean ekin dio umeak mihisea zirriborratzeari. Snob, bizizale eta ustezko arte adituak adi begira. Ramona baizik ez da ohartu neskatoaren amorruaz eta negar malkoez. Jepek ere ez du begirik, ikusteko. Nekatzen hasia baitago Jep hau. Gaitasunak galtzen ari da, baina Stefano aurkitu du. «Erromako catering hauek gero eta okerragoak dira, ezta?». Hala da, Jep, denborak ez du barkatzen. «Oraindik baduzu maletatxoa?». Bai, Stefanoak badu maletatxoa. Bidaia bat egitera goaz, Erromatik atera gabe.
Stefanoren maletatxoarekin Erroma ezkutuko artelanak ikustera bidaian goaz. Berriz ikusiko ez ditugun piezak ikustera. Printzesek gordetzen dituzten edertasun horietara. Bidaia, Erromak barruan gordea duen edertasunera. Ramona den bezalako plebeio batekin. Koadroak. Bustoak. Eskulturak. Busto gehiago. Koadro gehiago. Stefano, argimutilari eusten. Jep, bakarrik. Printzesak, kartetan. «Adio, printzesa horiek». «Gabon zuri ere». Bada koadro bat, Jepek begiratzen duena, La fornarina, Rafaellorena. Ez da debaldekoa, Jepek koadroa begiratzea: Rafaelloren maitalea zen koadroan ageri den emakume hori. Pintatu eta urtebetera hil zen Rafaello. Orain Ramona da argimutila eusten duena. Stefanorekin berbetan. Acquedottiko lorategian, argazkiak egiten, hirurak. Lorategira irten dira goizalban. OVNIa dirudi hegazkin horrek. Bidaia honekin surrealismora lerratzen hasi gara oharkabean, amets batera, eldarnio batera. Hegazkin horrek ovnia dirudi. Baina kontua da Violaren semea hil egin dela. Violaren semea zerura daraman ovnia izango da, seguru asko.
Goiza da Jepen ohean. «Ederra izan da larrurik ez jotzea», Jepek. «Ederra izan da elkarri kariñoa ematea». Hildako baten itxura du Ramonak. Laster ulertuko duzu zertan gastatzen duen dirua, eta zergatik ez duten larrurik jo. Gaixo dago. Sendatzeko ibiltzen du dirua. Eta hitz soil eta ustekabeko horiek atzean gordetzen duten min guztia sentitzeko gai zara hitz soil eta ustekabeko horiekin. Gosaria hartuta igo da Jep Ramonaren hilotza utzi duen gelara. Esku bat, lehen utzi duzun postura berean, Ramonaren eskua. Begirada galdurik Koliseo aldera (antzoki anker horretara). Geldi, geldi, geldi, geldi dago. Goizegi da hiltzeko. Ezta? Bost minutu gehiago eskatu dizkio Jepi. Itzuli eta sabaira begira, itsasoa ikusten ote duen galdetu dio Ramonari. Bai. Ikusten du. Maitemindua dago Ramona. Jepen eromena ere partekatzeko gogoa sentitzen du, erraiteraino partekatzeko. Bikotea gozo sabaian itsasoa ikusten ari da. Baina ikusle horrek sabai bat baizik ez duzu ikusten. Eta lehen aldia da Jepen sabaian itsasorik ikusten ez duzuna. Maiteminduak lorietan diren bitartean.
Luxu ikaragarri handiko denda bat da hau. Lau neskame edo dendari, bezero bakar batentzat, hogei denda kabitzeko lekua duen gela batean. Soineko beltzak probatzen, Ramona. Hiletak antzerki bat direla kontatzen, Jep. Protokolo guztia zehatz-mehatz kontatzen, Ramonak soineko beltzak probatzen dituen bitartean. Hoztasun eta zinismo erabatekoz kontatzen hiletetako antzerkia nola den, zer esan behar den, zer egin, nora begiratu. Jep hotz hori; Jep mundano hori, hileta bat ere zapuzteko kapaz dena. Ramona, Violaren semearen hiletarako ez, bere buruaren hiletarako soinekoak probatzen ari dela enteratzen ez den Jep hori. Eta Ramonaren negar malko bakar bat probalekuan, Jepek ikusi ote duen ez dakizuna. Eta Ramonari kontatu dion bezal-bezalaxe egin du Jepek hiletan. Jep, Violarengana hurreratzen; Jep, lehentxeago Ramonari esan dizkion hitz berak errepikatzen Violaren belarri ondora; Jep, atzera itzultzen, eta bide erdian geratuta, denen bistan, baina hildakoaren senideei protagonismoa kendu gabe, pena itxurak egiten. Hau da protokoloa, eta zehatz bete behar da. Baina apaizak hildakoaren lagunei eskatu dielarik hilkutxa altxatzeko... Inor ez. Lelo, Romano, Jep bera... altxatu dira. Jaso dute hilkutxa. Eta sekula ez duzu jakingo Jepen negar malko hauek egiazkoak diren, edo asmatuak diren. Sekula ez duzu jakingo Ramonarengatik egin duen negar, edo Violaren semearengatik. Sekula ez duzu jakingo Ramonaren hiletan negar egin ote zuen.
Ramonaren hileta ez delako existitzen. Ramonaren aita, negarrez. Hori da zantzu bakarra. Eta Jep, taberna batean tabako erosten, lutoz jantzia. Kamera geldoan. Gizon gazte batek zorrotz begiratu du, «nor ote da zahar hau?» pentsatuz. Kamera geldoan abiatu da Jep komunera. Zaharrak daude gela horretan, atso zahar bat trikotan, agure zahar bi zerbeza edaten, atso bat inoiz etorriko ez den norbaiten zain. Eskutik heldu dio azkenak Jepi. Atzera egin du Jepek, komunerako bidea utzita. «Eta orain, nork zainduko zaitu orain, Jep?». Hori da Ramonaren hileta guztia.
Baina besta bat da Erroma. Hildako guztiak irensten dituen besta handi bat. Eta beste besta batean da Jep. Inoiz ez bezala, ordea, mozkortu egin da. Honezkero ez da estiloz edateko kapaza, Jep hau. Eta urtebetetze bestan ageri zen diva zaharra, Jepen sukaldean eta ahal duen zoko guztietan sudurretik hauts zuria sartzen. Eta Jepen etxeko sukaldean diskutitzen ari den bikote gaztea. Dena gainbehera doa. Eta Flaubert, berriro. Ezerezari buruzko nobela, berriro. Eta bestetan egiten dituzten «trenini» horiek atsegin dituela, horra Jepen aitortza. Trenini-ak atsegin dituela, inongo lekutatik inongo lekutara joaten direlako. Besta honetan diren zahar, gazte, aberats, artista, idazle, famatu, politikoak, Erroma, Jep bera, ez dira ezer, ez dakite ezer egiten. Flauberten nobela idazten ari da Jep. Bai, orain badakizu. Ezereza, jende modu honek denbora alferrikako lore jokoetan galtzeko duen modua, hori da ezereza. Hori da Flaubert. Zer da denbora galtzea baino ezerez handiagoa? Bikote behatzaile batek baieztatu dio Jepi: «Jende honek guztiak ez daki ezer egiten. Guk bai, badakigu zerbait egiten». Auskalo zer den, axolarik ere ba ote duen honezkero. Ez duzu ikusiko, eta ez dizu inportako. Bikote horrek egiten dakiena ere ez dela ezer badakizulako honezkero. Ezer ez da ezer. Eta neskameak erreskatatu behar du Jep gorputzaldi txarretik. Berriro ere, plebeio bat salbatzaile. Literaturaz eta filosofiez deus ez dakien emakume migrante hau. Ramonaren adinako plebeio bat.
Romano. Ilunpean. Gitarra-jole bat. Antzoki bat. Nostalgiari eta iraganari buruz hizketan ari da Romano. Edade bat dutenei, eta etorkizunean federik ez dutenei, nostalgia baizik ez zaiela gelditzen. Ederragoa izan zen nostalgia bat, alegia, ulertzekoa da. Txaloka hartu dute. Baina hasieratik ligatu nahian ari den artista gaztea joan egin zaio Romanori, eskuko telefonoari beha. Ondo txaloak, baina jota dago Romano, ahituta.
Eta orain hor da Jep, Elisabettaren senarrarenean. Bisitan. Beste emakume batekin hasi da gizona, eta zoriontsu da. Ez. Ezin dio Elisabettaren egunerokoa utzi. Utziko lioke. Baina bota egin zuen. Hara. «Eta, zer egingo duzue gaur?». «Ezer ez». Jende arruntak ere ez du ezer ere egiten. Inork ez du ezer ere egiten Erroman, inork ez du ezer ere egiten Italian. «Ardo gorri bat hartu eta telebista ikusi, eta gero ohera joango gara». Irribarre batean, gizona. Hori da Erromaren zoriona, Italiarena: ardo gorri batekin telebistara begira egotea. Ezer ez egitea. Hori du edertasun: ezerez bedeinkatu eta santu hau. Fribolitate hau guztia. Arrunkeria hutsa da bizitza, heriotzaren atari hau. Antzerki hau. Goian. Eta behean. Harroen artean eta apalen artean. Denentzat berdin. Jepek, bikote berriari: «Zoragarriak zarete».
Jaio zenean, aita hasi zitzaion argazkiak egiten, eta 14 urte bete zituenetik berak jarraitu du bere buruari argazkiak ateratzen. Orain erakusketa bat antolatu du. Eta han joan da Jep. Lanera. Lana ere egin behar da eta. Argazkiak ikusten hasi da, milaka argazki. Aurpegi horiek guztiak. Egunero. Argazki bat. Denboraren joana. Mutil hura. Gizon hau. Denboraren joanak nola larrutzen duen pertsona, nola uzten dizkion arrastoak aurpegian. Oi, denbora. Hunkitu zaizu Jep, gutxitan ikusiko duzuna. Negar malko hauek bai, egiazkoak dira, orain badakizu.
Eta badoa Jep Caracallako termetara. Jirafa bat? Bai, jirafa bat. Besterik ez zenuen behar. Orain bai hasi behar dugula surrealismoaren maldan behera erortzen. Zer egiten du jirafa horrek hor? Ekarri egin dute. Gizon zahar honek ekarri du. Ilusionista bat da. Desagerrarazi egin behar du. «Aizu, eta pertsonak desagerraraz ditzakezu?». «Ene, Jep... Pertsonak desagerrarazi ahal banitu, nire adinarekin hemen lanean arituko nintzatekeela uste duzu?». Klaro, Jep, esnatu. «Truku bat da, Jep. Malmuzkeria bat besterik ez». Joan da gizona, prestaketak egitera. Agertu da Romano. Ez dakigu nondik. Eta ez dakigu nola. Zer moduz joan zen emankizuna, Romano? «Ongi, oso ongi». Baina ez du besterik egingo Romanok. Badoa herrira, bere paese-ra. Italiarrek ez dute pueblo-rik, paese-ak baizik, horrela dira kontuak. «Erromak dezepzionatu egin nau». Kosta zaio enteratzen, baina ongi da. Jep: oraingoan bai. Oraingo honetan bakarrik gelditu zara. Kamerak erakutsi dizu Jep bakarrik utzita badoala Romano. Eta kamera itzultzen da, Jepek atzean duena erakusteko: desagertu da jirafa, bat-batean. Hara, malmuzkeria. Eta hor bizitzaren bi aurpegiak: dezepzionatu eta etsi, ito, hil; edo malmuzkeriak egin, eta bizi, iraun. Desilusioa eta ilusioa. «Truku bat besterik ez da», eta «Erromak dezepzionatu egin nau». Bide-gurutzea eta gurutze-bidea. Aukeratu beharko duzu, Jep.
Beste besta bat. Berriro. Beste bat. Baina hau egun argiz da, lorategi zabal batean, eta orain arteko bestak baino bastante motelagoa. Dagoeneko ez gaude erokeria basetarako. Ezaguna da lorategia, baina ez konturatu oraindik. Bada kardinal bat, zurrumurruen arabera exorzista izan zena gaztetan. Jepek gustura galdetuko lioke, ea egia den zurrumurrua. Kazetaria da, ez ahantzi. Baina kardinala oso lanpetua dago emakume talde bati gastronomia ikastaroak ematen. Zeruko kontuez baino lanpetuago dirudi lurreko gozoez. Hala du itxura. Eta basora mofetak ikustera gomitatu dutelarik, kardinalak laster utzi du Jep bazterrera. Galdera egiteko ere ez da gai izan Jep hau. Maldan behera doan eta gaitasunak galtzen ari den Jep hau. Gomitatuak jaki edo edari bila joan dira lasterka, eta apaiz bat baizik ez da gelditu, zanbuluan jolasean. Jep, Stefirekin dantzan, bestan, zuhaitz baten gerizpean. «Esaidazu, Stefi, ez gara oraindik elkarrekin oheratu, ezta?». Nola, baina? Ez horregatik. «Zeregin eder bat egiteko duguna oraindik, beraz». Kamera hegaldatzen da, senar-emazte berrien dantza ikus dezagun. Stefiren semearen edo alabaren ezkontza da, beraz. Aurrera egiten du bizitzak, heriotzaren atari honek. «Zeinen eder datorren etorkizuna». Hala da, Jep. Zuek ikusiko ez duzuen etorkizun hori. Edo kontrakoa esan nahi zenuen: zuek egindako akats berak errepikatuko dituztela gazteok, alegia? Zinismoa erantzi ezinik zabiltza oraindik? Edo guztiz galdu duzu zinismorako indarra?
Pizgarri bat: santa bat dator Erromara. 1971z geroztik ez dio inori elkarrizketarik eman. Eta Jepen liburua leitu eta izugarri ona iruditu zitzaion. Dadinak pentsatzen du pizgarri ederra dela Jepentzat santa hori elkarrizketatzea. Afari bat antolatu du Jepen etxean. Zer iruditzen zaizu? Jepi, honezkero, dena primeran iruditzen zaio. Ederki. Dadinari esan dio ez dakiela zer egin. Bera baino gazteago direnak ere hiltzen ari direla, eta Romano joan dela... «Ai, gajoa, galduta zabiltza». Zergatik ez zara joaten Costa Concordia-ri buruzko erreportaje hori egitera? «Inoiz ez zara Erromatik ateratzen, Jepino». «Zergatik deitu didazu Jepino? Urteak ziren inork ez zidala horrela deitzen». «Jepino esan dizut, adiskide batek, lantzean behin, umetan bezala sentiarazi behar dituelako adiskideak». Bai. Joan da Costa Concordia ikustera. Metafora bat, klaro. Urperatu den Italia horrena. Zergatik gehiago esan. Kamera kenduko dugu, ez gara gehiago luzatuko. Ulertu nahi duenak, hortxe dauka.
Aita sainduak kongregazio guztiak deitu ditu santari ongi etorria egitera. 104 urteko emakume bat da, lurra bera baino zaharragoa, Italia kasik existitzen ez zen garaikoa, munduko bi gerrak ikusi eta bizirik iraun duen izaki bakarra honezkero. Aurpegiko zimur bakoitzean planeta bat kabitzen zaio. Beste mundu batetik dator, bistan da, ez soilik Afrikako misioetatik. Eskua musukatzera doazkio ortodoxoak, budistak, hinduistak, musulmanak, juduak, eskola guztietako kristauak, klausurako mojak, eskuetan botoxa hartzen duten mojak, eta auskalo zein tributako lau beltz kankailu. Eta moja batek eta beltz horietako batek elkar begiratzen dute barrez. Beti dago tarte bat obszenidaderako, nola esan. Santari musu ematen diote eskuetan, eta lurrera jausiko da bat, kontua galduta. Azkenerako, sandalia bat lurrera jausi zaio santari. Ez dakizu santa protokoloarekin jolasean ari den edo bertan zerraldo eroriko ote den. Halakoxea du hilzoria. Seguru asko, izugarri basatia izango da Jepen etxean egitekoa duten afaria.
Santak ez du hitzik. Haren ordezkaria da hitz eta hitz ari dena, santak hau egiten du, eta bestea egiten du. Bai, ja. Nork sinistu, hilzorian dagoen atso horrek umeak zaintzen dituela han urrutian. Eta sustraiak baizik ez dituela jaten. Eta lurrean lo egiten duela, baita hotelean ere. Agerikoa da fartsa trukua gehiegikeria, ez da posible. Eta ez da elkarrizketarik izango. Gaizki-ulerturen bat izan bide da. Santaren ordezkariak sentitzen du, baina ezinezkoa da. Santari hizketan uzteko eskatzen dio Dadinak. Bueno, ba... ez. Ez da fartsa bat. «Nik pobrezia hautatu nuen. Eta pobrezia ez da kontatzen. Bizi egiten da». Oi, behar baino indar gutxiago hartzen duten hitz horiek. Ez dute behar zuten indarra, baina hor daude, aditu nahi duenarentzat. Fuera elkarrizketak. Eta fuera txorakeriak. Santak komunera joan behar du. Afarirako kontratatu dute konde bikote bat, eta hark lagunduko du emakumea bere beharretara. Mahaian geratu zaizkizu besteak. Eta kardinalarentzat aitzakia hobetu ezinekoa da errezeta gehiagoren berri emateko. Jepek eten du, baina ez da ausartu espiritualitateari buruzko galdera hori egiten, orain ere ez da ausartu. Zalantzak ditu kardinala gai izango ote den erantzuteko. Haserretu bide da kardinala. Auto barruan dago orain. Eta agurtzen ari zaio Jep. Galdera egin nahi dio, ordea. Azkeneko aukera izango du akaso. Exorzista izan ote zen gaztetan, hortik zehar zabaldu den bezala? «Ego te absolvo» batekin, leihoko gortina beltza itxita alde egin du kardinalak. Serio. Baina Jepi barkamenak emanda. Araztuta dago Jep hau. Jepen lagunak, bitartean, santaren bila. Komunera joan, eta ez da ageri orain. Galdu egin zaie emakumea. Konde bikotea etxera itzuli da. Emakumeak negar egin du haurra zenean erabili zuen sehaskari begira. Joan zaizkie garai bateko harrokeriak eta handikeriak. Jep ere ohera doa. Baina han dago santa lurrean. Zurrungaka. Besaulki batean eseri da Jep, lotara. Leihotik begiratuta, koadro harrigarria da Jepen gela (orain santu) hau: moja bat lo, zurrungaka, Jepen besoak eta eskuak haren loa zaintzen duten bitartean. Zer gertatzen ari zaizu, Jep? Aingeru guardakoa bilakatu ote zara?
Te kikara baten hotsa da goizean jaikitzea. Jepen etxeko terraza. Moja, tearekin. Mojaren ordezkaria, bazter batean, Jepi zaratarik ez egiteko eskatzen. Begiratzeko. Flamenkoak dira. Flamenko saldo bat, koliseo ondoko terraza honetan (antzoki anker horren ondo terrazan), migrazio bidean atseden hartzera gelditu dena. Terraza batean besta basatik batekin hasi den istorio hau, flamenko saldo batekin bukatzen ari da beste terraza batean. Eta zein diren egiazkoago, terraza hartako jendeak, edo terraza honetako animaliok. «Zergatik ez zenuen beste nobelarik idatzi?», santak Jepi, burua atzera biratuta. Lehen aldia izango du burua atzera biratzen duena. «Edertasun handia bilatzen nuen, eta ez nuen aurkitu». Hori zen guztia. Erromak irentsi zuen. Ezerezak. Hutsean galdu zen Jep. «Badakizu zergatik jaten ditudan sustraiak?», santak. Auskalo, besagainekin erantzuna, Jepek. «Sustraiak oso inportanteak dira».
Eta horrela, kanoikada batekin, Roma o Morte zigiluarekin, turista japoniar baten heriotzarekin eta «desesperazioaren amildegi ertzeko» besta basati horrekin, azkena balitz bezala bizitu beharreko besta horrekin, hasi duzun bidaia bukatzera doa. Eta bukatzera doa santak esaten duelako sustraiak oso inportanteak direla, putz egiten dielako flamenkoei, eta haiek lur epelagoen bila abiatzen direlako, udazkena heldu baita. Eta udazkenean hil egiten da Erroma. Erroma zahar eta dekadente hau. Huts hau. Ezer ez den hau. Eta Jepek ez du beste erremediorik: ontzi bat hartuta, memorian iltzatuta utzi zuen itsasargira eta lehen aldi hartara itzuli behar du. Itzulera.
Barruko errota hasi zaio hizketan, sekula idatzi ez zuen bigarren nobela horren hasiera, edo akaso bukaera, izango dena diktatzen. Eta ikusten ari da etxeko sabaian agertzen zitzaion itsasoa. Berriro ikusten ari da neska ilehori gazte hura. Hurreratu, musurik eman ez, eskaileretan gora abiatu, eta zera esan ziona, eskaileretan gora, eskaileretan gora doa santa, belauniko, San Luisen eskaileretan gora, induljentziaren bila, berak ez baina munduak egin dituen bekatuen barkamenaren bila, lurra bera baino zaharragoa den emakume zahar hau badoa eskaileretan gora, nekez, lurra musukatuz, eskaileretan gora, gora doa Jepek gogoan duen neska ilehori hura, neska lirain hura, neska gaztea, lehen maitalea, eskaileretan gora, barrez, etortzeko esaten ari zaio, eskaileretan gora emakumeak, emakume gazteak eta emakume zaharrak, emakume zatarrak eta emakume ederrak, eskaileretan gora eramaten dute Jep, heriotzarekin hasi duzun bidaia hau bizitzaren zorionera igoz, akaso zeruraino igoz.
Eta orgasmoaren gorenean entzun diozu Jepi nobela berriaren hasiera edo bukaera izango diren hitzok: «Beti horrela bukatzen da. Heriotzarekin. Baina, aurrena, klaro, bizitza izan da, bla, bla, bla, bla horren azpian ezkutatuta. Zurrumurruen eta zarataren azpian sedimentatuta dago dena. Isiltasuna eta sentimendua. Emozioa eta izua. Edertasunaren distira eten eta urriak. Eta gero degradazio zorigaitzekoa eta pertsona, miserablea. Dena ezkutatua dago munduan egotearen lotsaren azpiko azalean. Bla. Bla. Bla. Bla. Bestalde, badaude beste leku batzuk. Ni ez naiz arduratzen beste leku horiez. Beraz, has bedi nobela hau. Azken buruan, truku bat besterik ez da. Bai, hori da, malmuzkeria bat besterik ez da».
Eta nobelak izango du izenburua: La grande bellezza.
«Oso galdera zailak ari zara egiten», eten zuen Paolo Sorrentino filmaren zuzendariak kazetari bat, elkarrizketa baten erdian. «Bien, oso kontu zailetan pentsatzera eraman nau zure filmak», erantzun zion kazetariak zuzendariari. Barrez, Sorrentinok aitortu zion: «Filma pentsatua izan zen jendeari oso kontu zailak ekartzeko gogora, baina ez neukan planifikatuta atzerakoa, jendeak galdera horiek egingo zizkidan momentua».
Bonus bideoa: filmari moztutako eszenak.