Gaurkoan Nafarroa aldera joango gara, Lizarra ondoan dagoen Arroniz herrira.
ZELAN HELDU: A-68 autobidea hartu Gasteizeraino. Bertan Donosti-Iruñeako desbideraketa hartu Gasteizen sartu baino lehen, eta Arkaute/Lizarra-Estella irteera hartu. Bertatik Lizarrantz jarraitu, azken unean Arronizerantz desbideratuz.
JOAN-ETORRI DENBORA: 6 ordu 50 min.
ZAILTASUNA: ertaina (21km direlako).
TRACKa: http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=4133870
IGOERA-DATA: 2013ko Martxoaren 16a.
Ibilbidea Arronizen hasiko dugu, herriaren goikaldean dagoen Mendia izeneko elizako plazatik.
Eleiza ezkerraldean utzirik, plaza honetatik bertatik bide bat abiatzen da baserri baten aurrekaldetik. Ehun bat metro aurrerago informazio kartel batetara helduko gara. Guk joaterakoan beheko bidea hartu genuen eta etortzerakoan goikoa.
SL-NA 192 ibilbidea jarraituko dugu une batez baina hurrengo bidegurutzean Barbarinerantz jo beharrean eskumako bidea hartuko dugu.
Zerbait aurrerago ibilgailu baimenduak baino igaro ezin diren bidetik jarraituko dugu. Bidean zehar Mendixurri ikusiko dugu urrunean.
Iturria eta mahai batzuk dituen atsedenaldi gunea igaroko dugu baita ere.
Ibilbideak ez ditu aldapa asko, baina hemen helduko da aldapatxo labur bat, tontorrera igotzeko berotzen joateko. Zabalgune batera helduko gara eta bertan Dicastillorantz doan bidearen kartel apurtua ikusiko dugu.
Albo batera utzi eta eskumarantz joko dugu Mendixurrirako bidean.
Hiru tontor ditu Mendixurri edo Jurramendik. Lehenik erpin geodesikoa eta antena dituen tontorrera helduko gara (1044m).
Bistez gozatu eta gero, bidea desegingo dugu, 20 bat metro beherago dagoen bidezidor bat hartzeko. bertatik, minutu pare batean Mendixurriko (1048m) buzoira helduko gara. Bertan, exkaliburren antzera , ezpata bat aurkituko dugu harrian sartuta.
Bidezidorra jarraituz, San Ziprianoren omenez egindako baseliza aurkituko dugu. Ondoan, Jesukristoren irudi gurutzatua eta gainean, Mendixurriko hirugarren tontorra, San Zipriano (1042m), puntan gurutzea duena.
Patata tortila bokadiloa jan eta bueltako ibilbideari ekingo diogu. Ia 21km-ko ibilbide erraz eta lasaiari amaiera emateko.