Euskara elkarri emateko eskatuko du 18. Korrikak.
Oinak oraindik gelditu baditugu ere, dagoeneko abiatu da 18. Korrika. Badugu zein izango den lau haizetara zabalduko den leloa, Eman euskara elkarri, baita euskara ikasleak omenduko dituela ere. Martxoan Euskal Herriko errepideetan gehien entzuten den kanta, berriz, Esne Beltzak egin du.
Korrika 18k aldarrikatuko du euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko hizkuntza izan behar duela. 18. Korrikaren mezuak dioenez, euskarak denona eta denontzat izan behar du, denon ardura izateaz gain, kohesiorako lehengaia eta tresna ere badelako. Honela dio mezuak hitzez hitz:
"Munduarentzat defendatzen dugun kultura aniztasuna, bertoko aniztasunaren errespetuan eta sustapenean oinarritu behar da. Horregatik dugu helburu euskararen ikaskuntzan eta erabileran oinarritutako elkarbizitza."
Korrikak dei egiten die botere publikoei euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezartzera; halaber, norbanako eta erakunde guztiak bultzatu nahi ditu ikastera, erabiltzera eta testuinguru soziopolitiko egokia sortzera.
Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean hasiko da, zabaldu zenetik gaur arte izan duen bilakaeragatik euskal eragileen erreferentzia gune bilakatu delako. Bukatu, berriz, Baionan bukatuko da.