Dziiiisst
Idurre Eskisabel. Berria, 2014-01-18 BIRA
Edu Lartzangurenek Xabier Erkizia audioartistari berripaper honetarako egindako elkarrizketa interesgarriak frogatu dit soinu kontuetan ere ez naizela originala, urrun nabilela distintziotik. Erkiziak dioenez, hiritartutako jendeon artean autoen gurpilek euriaren gainean egiten dutena da soinurik maiteena, bakea ematen ei digu, hala erakutsi dute ikerketek.
Bada, bai, ausartuko naiz nire intimitatea biluztera: plazerik handienetakoa dut izara artean kizkurtuta kanpoko autoen hotsa aditzea, brrrrrrrr leun eta monotonoa, burua pentsamenduz husteko mantra. Eta plazera biderkatu egiten zait brrrrrrrr hori euriz bustitako asfaltoak dziiiisst bihurtzen badu: burua hustu ez ezik garbitu egiten zait, hipnotizatuta.
Zenbat aldiz ez ote genion aditu amonari ez dagoela euriarena baino soinu gozoagorik. Hala esaten zuen sukaldeko leiho ondoan jarrita, euriaren zarata maite zuela: neguan, etxeak ematen zion babesa indar guztiz sentiarazten ziolako, eta udan, kanpoko freskura ekartzen ziolako. Eta negu zein uda lurra biguntzen zuelako, sustraiak lasai haz zitezen.
Euri soinuari autoarena erantsi diogu guk. Ziur aski, gure amonei baino astun eta nekagarriagoak egiten zaizkigulako sustrai sendoak, askatasuna ez ezik lasaitasuna ematen digulako ihesaren aukerak. Gezurra dela jakin arren.










