[2013-2-1, Berriaren urtekaria]
Ziklo bat itxi, eta beste bat ireki behar dela. Ustea ez da berria, baina bai gero eta orokorragoa euskalgintzako eragileen artean. 2012ak datuekin sendotu zituen usteak; V. Inkesta Soziolinguistikoaren eta hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitzak ezagutarazi zituzten iaz, uztailean, eta normalizazio politikak muga batzuekin topo egiten ari direla agertu zuten. Euskararen kale erabilera “trabatua” dagoela nabarmendu zuen Soziolinguistika Klusterrak. Kaleko elkarrizketen %13 izaten dira euskaraz. Horrek esan nahi du ehunetik 87 herritarrek, batez beste, euskara ez diren beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituztela kalean. Hala ere, datua ona dela nabarmentzen dute adituek; herritarren heren batek euskaraz dakiela aintzat hartuta, estatistikoki, kaleko elkarrizketen %7 inguruk behar lukete euskaraz. Espero zitekeena baino handiagoa bai, baina erabilera ez da hazi hamabost urtean. Gipuzkoan bederatzi puntu egin du gora euskararen erabilerak, 1989tik. Gainerako herrialdeetan, hogei urtean ez du apenas alderik egin, eta azken bost urteetan beherakada txiki bat ere gertatu da. Beste datu bat ere utzi zuen hizkuntzen kale erabileraren neurketak: Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, kaleko elkarrizketen %3 inguru dira euskaraz.
Ezagutzari buruzko datuek ere pentsatzeko gaia eman dute. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 1991n 16 urtez gorako herritarren %22,3 ziren euskaldunak; 2011n, %27. Kontseiluak nabarmendu du hazkunde erritmo horrekin 200 urte beharko liratekeela herritar guztiek euskaraz jakiteko. Euskara normalean hitz egiten dutenak %16 inguru direla ere zehaztu zuen inkestak. Baita herrialdeen artean alde handiak daudela ere. Araban, azken hogei urteetan, ia hamar puntu egin du gora ezagutzak (euskaldunak %16,8 dira); %4k erabiltzen dute euskara normalean. Bizkaian ere hamar puntuz handitu da ezagutza (euskaldunak, %25,4), eta %13koa da erabilera. Gipuzkoan, zortzi puntuz ugaritu dira euskaldunak (%49,9); erabilera %39koa da. Ipar Euskal Herrian, bost puntu jaitsi da euskal hiztunen kopurua (%21,4); euskara normalean erabiltzen dutenak %2,5 baino ez dira. Nafarroan bi puntu egin du gora ezagutzak (%11,7k dakite euskaraz); erabilera, %3,7koa da.
Bada joera orokor bat, Euskal Herri osorako, portzentajeak gora edo behera: belaunaldia zenbat eta gazteago, orduan eta euskaldunago. Euskarazko hezkuntza ereduetan egindako lanaren emaitza da. Baina arazo berri batekin topo egiten ari da euskalgintza: gazte horiek euskaraz jakin bai, baina ingurune erdalduna dute kasu gehienetan, eta euskara ez dute, gainera, lehen hizkuntza; portzentajetan, jaisten ari da euskaraz hobeto moldatzen diren gazteen kopurua. Eta, gehiago diren arren, gutxiago erabiltzen dute; lehen gutxiago ziren gazte euskaldunak, baina erabilera intentsiboagoa zuten.
Euskalduntzeko estrategia hezkuntzaren bizkar uztearen ajeetako bat ere nabarmentzen ari da: gazteek pisu demografiko txikia dute, eta belaunaldi edadetuenak ez dira euskaldundu. Eta horrek euskaraz egiteko aukerak murrizten ditu. “Euskal hiztun kopuruak gora egiten ez badu, edo harremanak euskaraz izateko aukerak handitzen ez badira”, erabilera handitzea gaitz izango dela ohartarazi zuen Soziolinguistika Klusterrak. Bi aldarri horiek etengabe plazaratu zituen Kontseiluak ere iaz: beharrezkoa da herritar guztiek euskaraz jakitea, eta beharrezkoa da eremuak euskalduntzea, erabilera handitzeko.
Galderak eta kezkak ez dira berriak, baina orain arte jarraitutako bideak ez duela urrunago eramaten susmatzen hasiak daude euskalgintzako eragileak. Horren adierazleak agertu ziren 2012an, euskalgintzako eragileen urteko batzarretan. “Normalizazio prozesua bizkortzeko unea da”, ohartarazi zuen Kontseiluak, esaterako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskunde urtea izaki, euskarari garrantzia emateko hainbat saiakera ere egin zituen Kontseiluak 2012an. “Hizkuntza politika eraginkorra” abiatzea galdegin zuen bozen atarian. Maiatzean, ekitaldi bat egin zuen, gatazka politikoaren inguruko agendan euskararen normalizazioak ez duela “dagokion garrantzia” ohartarazteko: “Gatazka gainditzeko prozesuak balekoa izan nahi badu, euskararen normalizaziorako gutxienekoak ere kontuan izan behar ditu”. Abenduaren 1ean, milaka herritarrek kalera atera zuten, Kontseiluak antolatutako manifestazioan, euskaraz bizitzeko guraria eta horretarako politika eraginkorrak abiatzeko eskaria. Martxoaren 31n, bestalde, 7.000 euskaltzalek euskararentzako ofizialtasuna eta lege eraginkorrak eskatu zituzten Baionan, Deiadar manifestazioan. “Ausart” jokatzeko ordua dela; hori izan da euskalgintzako eragileek administrazio publikoei gehien errepikatutako eskakizuna.
Urrats eta erabaki berritzaileak ere ekarri zituen 2012ak. Esaterako, Ipar Euskal Herriko eragileek. Udaberrian ezagutu zen Garapen Kontseiluak euskararen geroa bermatzeari buruz eginiko gogoetaren emaitza: lurralde elkargoa beharrezko da Iparraldean, hezkuntzaren gaineko eskumenak hartzeko, eta hiru herrialdeak “esperimentazio gune” izendatzeko, horrekin hizkuntza politika bat negoziatu eta zehazteko baliabideak ere eskuratuz. Artean, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko François Hollanderen promesak bete gabe jarraitzen du, euskararentzat hauteskundeetan agindu zuen lege gerizak bezala.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere eman zituen urrats berriak iaz. Martxoan iragarri zuen herritarrek euskara hutsezko tratua eduki ahal izango zutela diputazioarekin. “Euskarari lehentasuna eman behar zaio, bestela ezinezkoa izango da beste bi hizkuntza ofizialen mailara iristea. Are gehiago, kosta egingo zaio bizirik irautea”, azaldu zuen diputazioak. Urrian ezagutarazi zuen 49.200 herritarrek eta 634 enpresek eskatu zutela harremanak euskaraz soilik izatea. Lehiaketa publikoetako oinarrietan euskarari buruzko baldintzak jarriko zituela ere iragarri zuen diputazioak, eta agerraldi eta prentsaurrekoetan euskarari lehentasuna emateko asmoa zuela. Eztabaida eragin zuen erabakiak, eta inposiziotzat hartu zuten oposizioko alderdiek. Espainiako Gobernuak, gainera, gisa horretako neurriak ikertuko zituela esan zuen, “legez kontrako” zantzurik bazegoen argitzeko.
Ipar Euskal Herriaren eta Frantziako Gobernuaren artean datozen hilabeteetan gertatuko direnen miraz, Hego Euskal Herrian lege aldaketarik ez da espero. Azaroaren 24an 30 urte bete zituen Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legeak. Funtsean, euskara garatzeko oraindik ere ahalmen handiak dituen legea dela aipatu zuten alderdi gehienek; EH Bildu izan zen “akordio nazional” baten bidez egokitzeko beharra nabarmendu zuen bakarra. Paul Bilbaok, hala ere, “aukera interesgarriak” sumatu zituen legebiltzar berrian, “hizkuntza politikari buruzko erabaki ausartak hartzeko”. Nafarroan, berriz, Euskararen Legea aldatzeko eta euskal hiztunen eskubideak bermatzeko proposamen berri guztiei ateak itxi zizkieten UPNk eta PPNk. Esaterako, Nafarroa osoan seme-alabak euskaraz matrikulatzeko aukera emateko eskatzen zuten bi mozio atzera bota zituen parlamentuak, PSNren abstentzioarekin. Euskal hedabideentzako baliabide eskakizunen aurka ere egin zuen ganbera horrek.
Izan zen berrikuntza bat, ordea: 2009ko protokolo batean oinarrituz, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak. Bi erakundeetako eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak elkarrekin joan ziren Bruselara, bestalde, normalizazio politiketarako diru laguntzak eskuratzeko asmoz. Euskara Sustatzeko Plan Nagusia aurkeztu eta landu zuen Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak -legegintzaldia bukatu eta azken onarpena eman gabe geratu zen-, eta gaztelaniatik euskararako itzultzaile automatiko bat ere bukatu eta aurkeztu zuen. Baina bestelako erabakiak ere hartu zituen Jaurlaritzak iaz: euskal kontsumitzaileen eskubideak arautzen zituen dekretuari isunak kendu zizkion; eskolen erdiak edo gehiago euskaraz egin zutenei euskara gaitasun tituluak berez emateko dekretua ere onartu zuen. Uda hasieran, berriz, lan eskaintza publikoaren azterketak egin zituzten Hezkuntza eta Osasun sailek, lehiaketan euskararen balioa jaitsita. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egun batzuk lehenago kaleratu zuen 2011ko txostena: 990 kexu jaso zituzten, horietatik 586 alor publikoan, euskarazko zerbitzua jaso ez zuten herritarren partetik.
Azken urteetako hizkuntza politikek eta normalizazio estrategiek muga batzuekin topo egin dutela sumatzeaz aparte, urte gogorra izan zen euskalgintzarentzat, murrizketengatik. Arabako Foru Aldundiak, 2013ko aurrekontu proposamenean, %52 moztu zuen euskararentzako funtsetatik, Arabako kuadrilletako euskara teknikariak desagertzeko kinkan jarriz besteak beste. Gasteizko Udalak euskararentzako aurrekontuak etenda zeuzkala ohartu ziren euskalgintzako eragileak ekainean; urrian, udalari planto egin zioten Euskara Sektoreko Kontseiluan. Euskarabideak %46 murriztu zituen laguntzak. “Proiektu estrategikoak ekonomikoki ito nahi ditu Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak”, salatu zuen Kontseiluak.
Eusko Jaurlaritzak ere aurreko urtean baino diru sail txikiagoak eman zituen euskararentzat: Bertsozale elkarteari aurreko urtean baino %20 gutxiago; Topaguneari, %12 gutxiago; Lanhitz programari, %8 gutxiago; ikus-entzunezko materialak sortzeko, %81 gutxiago... EEP Euskararen Erakunde Publikoa izan zen laguntzei eutsi zien bakarra, Jaurlaritzak hari egin ohi dion ekarpena ere beheititu arren. “Neke handiz urte askotan eraiki ditugun proiektuak une zailean daude, eta, horiekin batera, euskararen normalizazioa bera. Euskalgintzak eraikitako proiektu asko kolokan daude”, ohartarazi zuen Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.
Euskaltegiek ere gertutik nozitu dute krisiaren eragina aurten. Nafarroako Gobernuak %29 jaitsi zituen alfabetatze eta euskalduntzeko laguntzak. Jaurlaritzak 300.000 euro gutxiago eman zizkien udal euskaltegiei; itunpeko euskaltegiei, berriz, %5 murriztu zien laguntza (milioi bat euro gutxiago). Horrez gain, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskara ikasleentzako bekak izoztu zituen (1,5 milioi euro).
Ikasletan ere galtzen ari dira euskaltegiak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2008tik ia 5.000 ikasle galdu dituzte. Irailaren 20an, ezohiko beste argazki bat utzi zuen ekitaldia antolatu zuten euskaltegiek, egoerari buru egin nahian: EAJ, PSE-EE, PP eta ezker abertzaleko ordezkariak bildu zituzten, herritarrak euskara ikastera animatzeko. Zatoz euskaltegira agiria sinatu zuten, kultura, kirol, komunikazio eta gizarte arloko dozenaka pertsona ezagunekin. Irail-urrietako matrikulazioekin oso estu ibili ziren, hala ere. Itunpeko euskaltegiek ikasleen %10-12 artean galdu zituzten. Aldi berean, hazi egin zen beste hizkuntza batzuk ikasten ari zirenen kopurua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hizkuntz eskoletan, esaterako, %18 handitu ziren ingeleserako matrikulazioak, eta %60 alemanezkoak. Testuinguru horretan, Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen herritarrak euskaraz ikastera animatzeko mozio bat. “Ikasle jaitsierari galga jarri behar zaio”, abisu eman zuten euskaltegietako ordezkariek: “Ezinbesteko pauso estrategikoa da euskaldundu nahi duenari bitarteko egokiak ziurtatzea, eta erdaldunei euskarara hurbiltzeko bidea erraztea”.
Euskal hedabideek ere urte estua igaro zuten. Bi urtean, Jaurlaritzak %15 jaitsi zituen euskarazko hedabideen diru laguntzak; 20120ean 5,7 milioi euro eman zituen, eta 2012an 4,9 milioi. Nafarroako Gobernuak 0 euro eman zizkien iaz euskarazko hedabideei; aldiz, 2,45 milioi euro eman zizkien Canal 6, Canal 4 eta Popular Television telebista kalteei. Euskarabideko itzultzaileak, berriz, Navarra Television katearentzat lanean jarri zituen -Canal4 eta Popular Televisionek batuta sortu zuten kate hori-. Gaiari buruz parlamentuan eztabaidatu zelarik, UPNk azaldu zuen euskara sustatzeko dela legea, ez enpresak laguntzeko. PPk zehaztu zuen “garrantzitsuagoa” dela krisian diren komunikabideak laguntzea, euskara sustatzea baino. Murrizketengatik, urtarrilean isildu zen Esan Erran Irratia; abenduan azken alea kaleratu zuen, berriz, Beterriko liburua kazetak. Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak diru laguntzen garrantzia nabarmendu zuen: “Benetan lehentasunezkotzat hartzen den sektorea sustatzeko, baliabideak jartzen dira -instituzioek hori oso argi dute, krisi guztien gainetik bankuak edo AHTa sustatzea erabakitzen dutenean-”.
Hizkuntza Gutxituen Itunari lotutako konpromisoen betetze maila ere aztertu zuen iaz Europak. Justizian euskaraz aritzeko ezintasuna nabarmendu zuen, Espainiako Gobernuari botere judizialaren legea aldatzea galdeginez, baina Nafarroako Gobernuari ohar zehatza ere egin zion: bere lurraldean euskarazko irrati bat eta telebista bat behintzat bermatzeko. Bi aukera eman zizkion: EITBren seinalea hedatzearen kostua bere gain hartzea, edo irrati-telebista euskarazkoak sortzea. Euskalerria Irratiari lizentziarik ez emateko erabakia berrikusteko ere eskatu zion. Bide horretan pausoak ematea baztertu zuen UPNk gerora. Neurri batean krisiek behartuta, hedabideen sektoreko eragileek bai egin zituzten urratsak iaz: Tokikom sortu zen martxoan, eta Hekimen aurkeztu zuten azaroan, elkarlan aukera berriak urratuz.
Koldo Mitxelena hil zenetik 25 urtera hil zen Txillardegi, 2012ko urtarrilaren 14an. Normalizazioaren bidean hainbesteko ekarpenak egin zituzten bi eragile esanguratsu horien heriotzen artean euskarak aurreratutakoa begien bistan dagoela uste dute euskalgintzako eragileek. Hurrengo 25 urteetan zer bide jarraitu erabakitzeko unea dela ere sentitzen duten bezainbeste.