Hizketa gozoa eta jantzia du David Fernandezek, Kataluniako Parlamentean CUPeko ordezkari denak. Kataluniako independentzia prozesuari buruz, kontraesanei buruz eta gatazka sozialei buruz aritu zen solasean larunbat eguerdian Hernanin. Ostiralean Elgoibarren, eta larunbat arratsaldean Etxarri Aranazen ere aritu zen; hiru hitzaldi pausatu, egun eta erdi eskasean. Batera eta bestera dabil Fernandez azken urteotan, atseden handirik gabe, eta horren erakusle izan du azkeneko bisita hau.
Lur Etxeberria Iradi EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztu zuen Fernandez, azalduz euskal herritarrak hamaika bider izan direla Katalunian elkartasun eske, eta hamaika alditan hartu eta lagundu dituela Fernandezek. Aski ezaguna da, beraz, Euskal Herrian, eta sumatu zen hori Hernaniko hitzaldian; 80 bat lagun elkartu ziren solasaldira, eta “David agurtzera etorri naiz” esaka sartu ziren haietako asko Santa Barbara elkartera. Detailea ez baita xumea, haietako denen izenak oroitzen dituela erakutsi zuen Fernandezek.
Izenak ez ezik, datuak gogoratzeko ere ahalmen ikaragarria duela nabarmen gelditu zen. Ordu erdi inguruko sarrera egin ondotik entzuleen galderak erantzuten aritu zen: garraio publikoaren egoera, uraren pribatizazioa, gatazka soziala, historia gertukoa eta urrunekoa… Bertsolariak bezala, paperik gabe aurrean, galderak gozo erantzun zituen, datuak, aipuak eta gogoetak ugari harilkatuz.
Hitzaldia laburtzea erraza ez bada ere, ahotan hartu zuen iraganeko pasadizo honek labur dezake Kataluniako egoera: 1898an Kubak independentzia aldarrikatu zuen, aldebakartasunez; handik hamar egunera, Madrilgo gorteek autonomia estatutu bat eskaini zioten. Berandu, trakets, dena galtzear zuenean. “Eta orain ere seguru nago halako zerbait gertatuko dela”, adierazi zuen Fernandezek: “Etorriko dira ez dakit zer erreforma edo fiskalitate eskumenak edo… eskainiz”.
CiUk “behartuta” hartu du galdeketaren bidea, hala uste du Fernandezek. “Aurrean jarri dira, aurretik eraman ez ditzaten”. Edozein moduz, galdeketa egin arteko “ibilbide orria” adostua dagoela argitu zuen. Hala ere, azaldu zuen Espainiako Gobernuak galdeketa debekatuko duela, seguru dagoela, eta debeku horren aurrean zer egingo duten ez dutela adostu eta erabaki.
"CUPek argi dauka galdeketa egin beharko litzatekeela hala ere. Burujabeak gara, ez dugu inoren baimenik behar". Proposamenak eta egoerak "irekita" daudela erantsi zuen, onartuz debekuen aurkako desobedientziak ez duela tradizio handirik Katalunian eta CUPen proposamen horrek beharbada ez duela herritarren babesik izango. "Egoera irekia dago, nolanahi ere, eta hori ona da".
ANC Kataluniako Asanblada Nazionalak zer joera hartuko duen garrantzitsua izango dela erantsi zuen. ANCk “kuxinarena” egin du batzuetan eta “tentsatzailearena” besteetan, Fernandezen hitzetan. Aurrerantzean, seguru asko, “tentsatzailearena” egitea egokituko zaiola eta, neurri batean, hurrengo urratsak baldintzatuko dituela adierazi zuen.
400 enpresariak, eta “metaprozesua”
Independentzia prozesuarekin CUPek dituen kontraesanak aitortu zituen Fernandezek. Felix Millet enpresari katalanaren esan bat ekarri zuen gogora: “400 inguru gara, eta beti berak”. Independentzia prozesuaren barruan enpresari horiekin eta haien nahiak islatzen dituzten alderdi politikoekin aritzearen kontraesana onartu zuen Fernandezek, beraz. “Baina halakoak behar dute izan burujabetza prozesuek, ez dago beste biderik”.
Kontraesan horri gehitzen zaio beste bat: independentzia prozesuak Katalunia soilik hartzea eta Herrialde Katalanak (Valentzia, Balear Irlak eta Iparraldea) bazter uztea. “Zuek Nafarroarekin argiago duzue hori; hemen halako prozesu bat egitekotan Nafarroa ere agendan egongo dela argi dago”. Valentzian eta Balearretan egoera “oso bestelakoa” dela eta oraingoz independentzia prozesutik kanpo gelditu beharko dutela erantsi zuen.
"Ateak eta leihoak irekita izango dituen independentzia bat izan beharko du", zehaztu zuen, etorkizunean Herrialde Katalanetako beste lurraldeek ere estatu berriarekin bat egiteko aukera izan dezaten, horretarako baldintzak sortzen badira. Eta bere nahia aitortu zuen, zehaztuz iritzia berea zela, ez CUPena: "Egiazko federazio bat litzateke egokiena [Valentziaren, Balearren eta Kataluniaren lurraldeen arteko federazio bat, alegia]. Horren aldekoa naiz ni, uste dut ideia horrek bat egiten duela gure tradizioarekin".
Independentzia prozesuak osagai sozial handiak dituela ere azaldu zuen CUPeko parlamentariak. M-15 mugimendua, osasun publikoaren aldeko mobilizazioak, garraio publikoaren aldekoak, eskolako murgiltze ereduaren aldekoak, kooperatibismo berria sortzen ari direnak… “Metaprozesua osatzen dute horiek guztiek”.
Gogora ekarri zituen datu batzuk: neurriren bateko pobrezian bizi dira Kataluniako herritarren %30 inguru, langabezia %25ekoa da, 6.000 milioi euro baino gehiagoko murrizketak egin dituzte gastu sozialean azken urteetan… Katalunian egoera soziala oso larria eta murrizketak handiak direla oroitarazi zuen Fernandezek: “Ospitaleak eta eskolak ixten dira”.
Murrizketa, tentsio eta gatazka horietatik guztietatik sortu diren mugimenduek ere bat egin dute, nolabait, independentziaren aldeko garrarekin, Fernandezen ustez; ez dute elkar baztertu, elkar indartu baizik. Adibide bat eman zuen: Via Catalana egin zuten egunean, herritar batzuek Caixaren aurrean egin zuten giza katea, osasun etxe baten aurrean beste batzuek… “Izan ere, herritar horientzat independentziak hori esan nahi du: osasun sistema publiko duin bat”.
Pentsatzekoa da David Fernandezek berak eta beste batzuek lagundu dutela zubi horiek sortzen. Pentsalari komunistak bai, baina mugimendu anarkistak Katalunian egindako bidea ere bai, independentismoa ahantzi gabe, denak ekarri zituen Hernaniko solasaldira. Ortodoxietatik urrun eta errespetuan oinarri, beste gizarte eredu bat pentsatzeko eta sortzeko ahaleginean ari da CUP, kontraesanen surtan probatuz alternatiben eltzeak. Entzuleek txaloka eskertu zizkioten argitasunak eta zintzotasuna.
Beste detaile bat, adierazkorra izango dena beharbada: hitzaldia bukatuta, hara gerturatu ziren herritarrek hizketan jarraitu zuten euren artean, eta Kataluniaren etorkizunari buruz bezainbeste hitz egin zuten Nafarroaren etorkizunari buruz. Aldameneko herrian, berriz, Urnietan, Gure Esku Dago ekimenak bere burua aurkeztu zuen ordu berean.
Alerta laranjarik ez dute eman meteorologoek, baina aldaketa haizea dabil.
[Gehiago irakurri nahi izanez gero, hitzaldiaren kontakizun xehea egin zuen Xabier Letona (@xletona) Argia-ko kazetariak Twitterren]