Gizarte gatazkak badira, eta izango dira. Zorionez. Bizitzaren pipergarri. Denok berdin pentsatuko bagenu oso aspergarria litzateke lurra esaten diogun bizileku hau.
Baina nola ebatzi gizarte gatazkak? Nola erabaki, batzuk alde badira eta besteak kontra? Non eraikiko dugu karretera, eraiki behar bada, eta urliak ez badu bere lurretatik pasatzea nahi, eta berendiak ere ez bereetatik?
Horretarako asmatu ziren bozketak, oker edo zuzen. Gehiengoak nahi duena egitea, teknikoki, ez da beti hoberena izaten, baina irizpide garbia da behintzat.
Horrela egiten dira hauteskundeak. Eta horietan funtsatzen dira demokraziak. Gehiengoaren aldian behineko gurarietan.
Horregatik, ez da ulertzekoa herri galdeketei buruz azkeneko urteetan sortu diren katramilak. Gehiengoak erabaki dezala… hauteskundeetan. Baina ezta okurritu ere haustura hidraulikoari buruz galdetzea, edo Kataluniaren independentziari buruz, edo Igeldoren segregazioari buruz. Aldiz, inork ez die epaileei eskatu Bergarako atez atekoari buruzko erreferenduma debekatzeko.
Bitxia da hemen Igeldoko galdeketaren alde ari direnak han Bergarakoaren aurka egiten sumatzea. Eta alderantziz, klaro: Bergaran galdeketa egiten ari direnak Igeldokoa auzitara eraman nahian ikustea.
Herri galdeketak, izan ere, boomerang bihurtu dira. Ez dute balio gatazka sozialak bideratzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko. Proiektu jakin bati edo ukapen bati kontra egiteko tresna bihurtu dira.
Gure alderdikrazia bedeinkatuaren azkeneko ajea: demokrazia parte hartzaileago bat garatzen saiatzeko tresna behar lukeena gatazka partidariorako arma bihurtu da.
Hauteskundeak hain goretsiak dituen gizarte batek asmatu beharko luke, nolabait ere, herri galdeketak sisteman integratzen, ez daitezen izan propagandarako tresna bat, eta bai demokrazia defizitario hau zerbaitetan osatzeko baliabide bat.
Suitzako behiek ez dezaten esan euskal herritarrek ez dakitela hausnartzen.