Kolitza (879m) eta Terreros (909m)
Balmasedako pandozale auzora hurbilduko gara gaurkoan, Bizkaiko 5 deiadar-mendietariko bat igotzeko; Kolitza.
ZELAN HELDU:. Kadaguako korridorean zehar joango gara Balmasedako bigarren sarreratik sartuz. Bertan alde zaharrerantz egingo dugu, ezkerrera biratzera behartzen gaituen arte. Bertan, gasolindegiaren parean Kolitzara joateko kartela ikusiko dugu, GR marka eta guzti.
JOAN-ETORRI DENBORA: 4 ordu 30 min.
TRACKa: http://es.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=4155743
IGOERA-DATA: 2013ko Martxoaren 9a.
Hemendik 3 km ingurura, Pandozale auzoa dago. Guk kurba itxi bat baino lehenago utzi genuen autoa, baina nahi izanez gero, kurba pasata, hormigoizko pistarik kotxea sartu, eta parking batera helduko ginateke. Bertatik ere has daiteke osteratxue.
Hormigoizko pistaren sarrera honetan bertan, kolitzarako desbideraketa adierazten duen kartela ikusiko dugu.
Ibilbideak, GRren markak ditu eta bidegurutze bakoitzean ondo seinaliztatua dago nondik joan. Pinudien artetik ibiliko gara, usain berezi horrez inguraturik.
Hemengo bidegurutze honetan malda apur bat handitzen hasiko da.
Iturrian ahoa freskatu eta bidea jarraituko dugu. Kolitzarantz joateko seinaleari kasu eginez.
Kolitzako punta begibistan izango dugu une batez eta aurrera jarraituko dugu. Geltokirantz dagoen seinaleari ez diogu jaramonik egingo eta aurrera joko dugu.
Pista batera irtengo gara, minutu pare bat geroago eskuinerantz sartuko garelarik.
Hemen hasiko da benetako aldapa. Eskilara batzuek iturri batetara eramango gaituzte. Itxita badago, goikaldean harri biren azpian ura zabaltzeko giltzari emanez zabaldu dezakegu. Hemendik Garbea mendipunta ikusi ahal izango dugu.
Gorantz sigi-sagako malda gogorra jarraituz sekulako ikuspegia izango dugu; Armañon eta Jorrios eta Eretza beste askoren artean eta tontorrean dagoen Baselizara liluraturik igoko gara. Goitik, 360 graduko ikuspegi zoragarria izango dugu.
Otartekoarentzako atsedenaldia egin eta gero Terreros igotzeko bideari ekingo diogu. Lehenik nibera atsedenlekura jaitsiko gara.
Hemendik bidea luzatu nahi izanez gero, Burgeñora jarraitu ahal izango dugu. Guk aurrera jarraituko dugu ta momentu baten Terreroseko tontorrean izango gara. Handik Ordunteko urtegia izango dugu ikusgai.
Bueltako bideari ekin, eta Balmaseda ikusteko astirik ere ez genuen izan; bueltatuko gara.