Zaborra bider zero
Europako Zero Zabor taldeek topaketak egingo dituzte Donostian, gaur hasi eta igandera bitartean. Gipuzkoa hondakinen kudeaketaren «lehen lerroan» jar daitekeela uste dute topaketetan hitz egingo duten adituek
[2012-5-11, Berria]
«Adierazi nahi dugu Gipuzkoak izugarrizko aukera duela urrats erraldoi bat egiteko eta munduan lehen lerroan jartzeko». Joan Marc Simon Europako koordinatzailearen esanetan, hori da Europako Zero Zabor mugimenduaren bigarren topaketak Gipuzkoan egitearen arrazoia. Zero Zabor lurralde bihurtzea da «urrats erraldoi» hori, baina posible da? Simon: «Oraintxe bertan, erronka da hondakinen bilketa selektiboa %80ra edo %90era iristea, eta hori bai, posible da. Horretara iritsitakoan, gertuago egongo da Zero Zabor, eta, orduan, industriarekin lan egin beharko dugu, ideia horren arabera diseina dezaten dena». Garrantzitsuena, helburua baino gehiago, «norabidea» da Simonentzat. Hobetzeko erreminta bat da, beraz, Zero Zabor filosofia: «Guk esaten dugu: 'Ez bazaude zero zaborren alde... Zenbat hondakinen alde zaude?'».
Gaur hasi eta igandera arte Donostian egingo dituzten Europako Zero Zabor topaketei lelo hori erantsi diote, hain justu: Zero ez bada... Zenbat?. Gaur, 19:00etan, hitzaldi irekiak emango dituzte Joan Marc Simonek Arrasaten eta Paul Connettek Donostiako udaletxean. Zero Zabor mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen Connett, 1990eko hamarkadan. Kimika eta Toxikologia irakaslea da Saint Lawrence Unibertsitatean (New York, AEB), eta mundua korritzen du hitzaldiak ematen. BERRIAri honela laburtu dio bere konpromisoa: «Zero Zabor hobea da tokiko ekonomiarentzat: lanpostu gehiago. Zero Zabor hobea da ingurumenarentzat eta osasunarentzat: toxiko gutxiago. Zero Zabor hobea da gure seme-alabentzat: itxaropen gehiago».
Zero Zabor ideiak Kalifornian (AEB) hartu zuen indarra, 1995ean. Australia izan zen helburu hori onetsi zuen lehena; Canberrako Gobernuak legea onartu zuen, zaborra zeroraino gutxitzeko asmoz. Eta handik iritsi zen ideia AEBetara, Connettek gogorarazi duenez: «Zero Zabor ideia momentu egokian iritsi zen Kaliforniara». Estatu lege bat bazuten, hondakinen %50 zabortegietatik eta errauste plantetatik ateratzeko. «Batzuk galdezka hasi ziren: 'Zergatik gelditu %50ean? Zergatik ez %60, 70, 80? Zergatik ez %100, edo Zero Zabor?'». Horrela sortu zen filosofia berri bat, gerora mundura hedatu dena.
Amerikako eta Erresuma Batuko hainbat aditu eta profesionalek, Connettek tartean, hazia ereiteari ekin zioten. Connett bera izan zen, 1990eko hamarkada bukaeran, ideia Italiara eraman zuena. 2002an sortu zuten Nazioarteko Zero Zabor Aliantza, Erresuma Batuan. Geroztik, hainbat herrialdetara hedatu da: Gales, Katalunia, Belgika, Ingalaterra, Suedia, Bulgaria, Estonia, Brasil... Eta baita Euskal Herrira ere. Egun Zero Zabor proiektu «interesgarrienak» Kalifornian eta Italian daudela uste du Connettek.
«Naturaren zikloari» jarraituz
«Mugimenduaren helburua da ekonomia zirkular bat eraikitzea», zehaztu du Simonek: «Ahalik eta denbora gehienaz erabilgarri izateko diseinatu behar da ekoizten den guztia, eta ahalik eta ingurumen kalte txikiena egiteko». Produkzio eta kontsumo bide lineala nagusitu da: lehengaiak erauzi, tratatu, kontsumitu eta bota. Aldiz, «naturaren zikloari» jarraitu nahi dio Zero Zabor filosofiak. Nazioarteko Zero Zabor Aliantzak definizio hau ematen du: «Zero Zaborrek esan nahi du produktuak eta prozesuak diseinatzea eta kudeatzea, hondakinen eta materialen toxizitatea eta kopurua sistematikoki saihestu eta ezabatzeko»; ez erre, ez zabortegira bota. Hondakinen kopurua gutxitzea, eta sortzen direnak berrerabili, konpondu, birziklatu eta konpostatzea da bidea, Simonen iritziz. Eta birziklatu ezin diren produktuak berriz diseinatu behar dira, edo merkatutik atera. «Hori da printzipio nagusia».
Horretara iristeko, bi oinarri daude, Connettek dioenez: «Herritarren erantzukizuna behar dugu bukaerako partean [kontsumo katearen bukaeran], eta erantzukizun industriala hasierako partean [produktuen ekoizpenean]. Zaborra diseinu arazo bat da, arazo humano bat; naturak ez du zaborrik sortzen. Industriari hau esan behar diogu: 'Ezin bada berrerabili, birziklatu edo konpostatu, industriak ez luke ekoiztu behar'. Diseinu industrial hobea behar dugu XXI. menderako».
Zero Zabor helburura iristeko mugimenduak zehaztuak dituen hamar urratsetan, hondakinak bereiztea eta bilketa selektiboa handitzea dira lehen urratsak. Simon: «Argi dago zenbat eta gehiago birziklatu gutxiago dagoela zabortegira edo erraustera bidaltzeko. Beraz, galdera da nola iritsiko garen %80ko edo %90eko birziklatze tasa batera eta, aldi berean, nola gutxituko dugun hondakinen kopurua. Lehentasuna bilketa selektiboa ahalik eta handiena izatea da». Connettek oroitarazi du San Frantziskon (AEB) %78ko bilketa selektiboa dutela eta Italiako, Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat herritan %80ko bilketa selektiboa gainditu dutela.
Connettek aukera izan zuen, iazko urrian, Hernaniko eredua ezagutzeko. «Hunkitu egin nintzen zintzilikarioekin eta jasotako materia organikoaren kalitate miresgarriarekin». Atez atekoa zikina eta garestia dela dioten salaketei ez diete sinesgarritasunik ematen. Simon: «Gehienetan ez da garestiagoa. Eta ingurumen pasiboak eta enplegu sorreraren ondorioak kontatuko balira, gol askoren aldearekin irabaziko luke atez atekoak». Connett: «Ez da zikina; hondakin guztiak nahastea, hori da zikinkeria. Errauste plantak ere zikinak dira: airea zikina, eta errautsak zikinak». Connettek ez ditu batere atsegin errauste plantak: «Ez dira iraunkorrak! Zerbait erretzen duzun bakoitzean atzera egiten duzu; lehengaiak erauzten, lantzen eta garraiatzen egindako kalteak ez dira apaltzen gauzak erretzen baldin badituzu. Errausketak ideia txar bat perfekzionatu nahi du».
Herritarren eta udalerrien konpromisoaz gain, enpresena ere nabarmentzen dute Simonek eta Conettek. «Estalkiak egiten dituen industriarekin daukagu arazo handiena; ekoizleek kontsumitzaileei pasatu nahi diete ardura, erabili eta botatzeko ontziak eginez», esan du Connettek. Enpresa asko urratsak egiten ari direla azaldu du, hala ere, Simonek: «Haiek dira interes gehien dutenak. Zero Zaborrek kostu gutxiago esan nahi du». Hewlett Packard eta Wall-Mart enpresek, esaterako, Zero Zabor helburuak hartu dituztela azaldu du Simonek. Londresko Olinpiar Jokoek ere Zero Zabor Protokoloa jarri dute.
Errausketatik, hondakinetara
Paradoxikoa da, baina Zubietan hondakinak errausteko egitasmoak ekarri du Gipuzkoara Zero Zabor mugimendua. Zero Zabor Hernanin izan zen izena hartu zuen lehen taldea, duela hiru bat urte. Usurbilgoak jarraitu zion. Gipuzkoa Zero Zabor 2010eko urrian sortu zen. Gaur egun, badira 34 talde, denak Gipuzkoan. Hernaniko taldeak izena nola hartu zuen gogoan du Pello Zubiria kazetari eta taldeko kideak: errauste plantaren kontra egiteko, Ongarri izeneko talde bat osatu zuten 2008 aldean, etxean konposta egiten zuten hainbat lagunen artean. Usurbilen atez atekoa hasi zenean, zerbait gehiago egiteko premia sentitu zuten, atez atekoaren kontra zenbait alderdi eta komunikabide «kristoren egurra» ematen ari zirela iritzita. Munduan Zero Waste (Zero Zabor) taldeak bazirela jakitun, antolatu eta izena hartu zuten.
Gero, Hernanira iritsi zen eztabaida, bertako udalak atez atekoa jartzea erabaki zuenean. «Hernani Gipuzkoako laborategia izan da. Gezur uholdea jasan behar izan dute hernaniarrek, arratoiena eta... Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak lortu du gezur horiek sartzea jendeari». Zubiriak uste du argudiaketan eta eztabaidan «lan berezi» bat egitea tokatu zitzaiola Hernaniko taldeari, baina Zero Zabor ideiaren «motorra» Usurbilen dagoela nabarmendu du, hango taldeak markatu duela bidea.
Usurbilgo taldean hasi zen Ainhoa Arrozpide, eta Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kidea da orain: «Bazegoen errauste plantaren aurkako mugimendu bat, eta Usurbilen ikusten ari ginen bazegoela alternatiba bat, atez ateko bilketarekin». Errausketaren aurka egotetik hondakinen kudeaketa aztertzera pasatu ziren, eta arazoa sakonagoa zela ohartu ziren. Arrozpideren esanetan, hondakin asko sortzea eta dena nahastea, hor dago gakoa. Hondakinak bereizi ezean zabortegira edo errauste plantara bota behar direla, alegia.
Gipuzkoan eztabaida handia sortu da atez ateko hondakinen bilketaz. Lasaitasunez hartzeko eta «dramatismoa» kentzeko eskatu dute Zubiriak eta Arrozpidek. «Gizakiok aldaketen kontra egiteko joera dugu, baina atez atekoa ezagututakoan beldurrak galtzen dira», Arrozpideren arabera. Orain arte atez atekoaren aldekoek argudioak eman behar izan dituztela uste du Zubiriak: «Baina orain beste fase batean gaude: orain, birziklatzen ez duten %20-30 horiek eman behar dituzte azalpenak. Usurbildarrak gai dira %85 birziklatzeko. Atez atekoa dugunok konponduko gara, baina gaizki egiten duten herrien errefusa... Nola kudeatu behar da?». Atez atekoari kontra egitea «eskola oso txar bat» dela adierazi du Zubiriak: «Ez dakit konturatzen diren hemendik hamar urtera nola geldituko diren. Hori izango da Alardean harriak botatzen zituztenena bezala. Barkaezina. Historiaren aurrean oso itsusi geldituko dira».
Murrizteko ahaleginak
Atez atekoa baino urrunago joan nahi dute Zero Zabor taldeek, ordea. «Gipuzkoan, oso hasieran gaude», aitortu du Arrozpidek. Ari dira hondakinen sorrera gutxitzeko ekinaldiak hedatzen, hala ere: arraindegi eta harategietan ontziak erabiltzen hasi dira hainbat herritan; zilarrezko papera ordezkatzeko proiektu bat hasi dute Villabonan; Hernaniko Udalak fardel berrerabilgarriak oparitzen dizkiete guraso berriei; ordezkatzen ari dira plastikozko poltsak; esne makinak ugaritu dira, tetrabrikak gutxituz... Egitasmo txikiak dira, «baina ekimen solte askorekin, ondo antolatuta, murrizketa urrats handiak egin daitezke», Arrozpideren ustez.
Asteburuan Gipuzkoan egingo diren topaketetan, Europako mugimenduko kide bihurtuko dira Gipuzkoako Zero Zabor taldeak. Zero Zabor udalerrien sare bat ere sortu nahi dute. Topaketak Gipuzkoan egitea «ohore handia» da Arrozpiderentzat: «Pentsatzen dute Gipuzkoa eredugarri izan daitekeela hondakinen kudeaketan. Seguru gaude asko ikasiko dugula eta harremanak egiteko garrantzitsua izango dela».
..ooOoo..
Zero zabor, hamar urratsetan:
1) Jatorrian bereizi. Zero Zabor helburura iristeko, hondakinak ez nahastea da lehen urratsa, etxean bereiztea, bilketa selektibo egokia egiteko.
2) Atez ate bildu. Atez ateko bilketa hobesten du Zero Zabor mugimenduak. Bilketa selektiboan %80tik gorako emaitzak lor ditzakeela frogatu duen bakarra da oraingoz, eta funtsezkoa da hondakinak bereizita biltzea, birziklatzeko.
3) Konpostatu. Zero Zabor mugimenduak garrantzi handia ematen dio materia organikoa konpostatzeari, eta gehiago norberak etxean egiteari. Materia organikoa lurrera itzultzen da, hondakinen kudeaketa sistematik atereaz.
4) Birziklatu. Bereizita bildutako hondakinak birziklatzea da laugarren gakoa. Birzikla daitezkeen hondakin guztiak birziklatu behar direla defendatzen du mugimenduak.
5) Berrerabili eta konpondu. Badira berrerabil edo konpon daitezkeen hainbat gai, eta horiek aprobetxatzera deitzen du Zero Zabor mugimenduak; materialak hondakin bihurtzen ez uztea da helburua.
6) Hondakin gutxiago sortu. Hondakinak gutxitzeko neurriak funtsezkotzat dituzte.
7) Pizgarri ekonomikoak. Zero Zabor helburura hurbiltzeko neurriak hartzen dituztenek pizgarri ekonomikoak izan behar dituztela aldarrikatzen du mugimenduak, eta gehiago kutsatzen dutenek gehiago ordaindu behar dutela.
8) Errefusa ikertu. Ahal den eta guztia murriztu, birziklatu eta berrerabili ostean gelditzen diren hondakinen (errefusaren) ikerketa bultzatu behar dela uste du mugimenduak, errefus bihurtuko den gairik ez ekoizteko etorkizunean.
9) Industriaren ardura. Aurreko puntuari lotuta, industriari eskatzen diote birziklatu edo berrerabili ezin diren gaiak ez ekoizteko eta ingurumenarekin arduraz jokatzeko.
10) Aldi baterako zabortegiak. Zero Zabor helburura iritsi bitartean aldi baterako zabortegiak beharko direla azaltzen du mugimenduak. Inerteak botako lirateke zabortegi horietara; kutsakorra izango ez den zaborra, alegia.
..ooOoo..
Joan Marc Simon: «Ez bazaude zero zaborren alde, zenbat hondakinen alde zaude?»
Kataluniarra sortzez, Belgikan lan egiten du Joan Marc Simonek. Errausketaren kontrako GAIA aliantzako kide da, eta Europako Zero Zabor mugimenduaren koordinatzailea. Europako sarea berria da, bigarren topaketak egingo ditu aurten, eta Donostiako topaketak baliatu nahi ditu mugimendua bizkortzeko eta Zero Zabor udalerrien sarea sortzen hasteko.
Nola iritsi zen Zer Zabor mugimendua Europara?
Duela hamar bat urte sortu zen mugimendua; kontzeptua apur bat zaharragoa da. AEBetan, Erresuma Batuan, Australian eta Zeelanda Berrian sortu zen, eta handik hedatu zen. Europan indarra hartu zuen mugimenduak, Capannorik [Italia] aldarrikatu zuenean Zero Zabor helburua 2020rako, eta horrek ekarri zuen (gaur arte) Italiako 76 udalerri gehiagok bat egitea mugimenduarekin. Gero, Europan, izan dira mugimenduak Katalunian, Ingalaterran, Herbehereetan, Suedian, Bulgarian, Errumanian eta Estonian, baina Europako mugimendua berria da. Europako lehenbiziko Zero Zabor topaketak iazko martxoan egin ziren, Bruselan.
Zeintzuk dira mugimenduaren printzipioak eta helburuak, zer lortu nahi du?
Mugimenduaren helburua da ekonomia zirkular bat eraikitzea. Ahalik eta denbora gehienaz erabilgarri izateko diseinatu behar da ekoizten den guztia, eta ahalik eta ingurumen kalte txikiena egiteko. Gauza bati erabilera agortzen zaionean, zabor bihurtu beharrean, input ez toxiko bat atera behar zaio, materialak erabili ahal izateko. Zero Zaborren printzipio nagusietako bat da, zerbait gutxitu, berrerabili, konpondu, birziklatu edo konpostatu ezin bada, berriro diseinatu behar dela produktu hori, edo ordezkatu egin behar dela merkatuan.
Nazioarteko Zero Zabor Aliantzak definizio hau ematen du: «Zero Zaborrekin, zabortegietara edo errauste plantetara bidalitako hondakinak gutxienak dira. Naturan baliabideak berrerabiltzen diren era proposatzen da prozesu gisa. Hau da definizio ofiziala: 'Helburu bat da Zero Zabor, etikoa, ekonomikoa, efizientea eta etorkizuneko ikuspegia duena, beren bizi ereduak eta praktikak aldatzeko eta naturaren zikloak imitatzeko herritarrak gidatzen dituena. Naturaren zikloan, beste batek aprobetxatzeko baliabide izateko moduan diseinatuta daude baztertzen diren materialak. Zero Zaborrek esan nahi du produktuak eta prozesuak diseinatzea eta kudeatzea, hondakinen eta materialen toxizitatea eta kopurua sistematikoki saihestu eta ezabatzeko, baliabideak berreskuratu eta mantentzeko, eta ez erretzeko edo lurpean sartzeko. Hondakinak zabortegietara, uretara edo airera hondakinak botatzea mehatxu bat da planetaren, pertsonen, animalien eta landareen osasunarentzat, eta Zero Zabor politika ezarita mehatxu hori bukatzen da».
Hala ere, posible al da zero zaborrera heltzea?
Ezin da eztabaidatu: hondakinen eta materialen kudeaketan hobetzeko tartea ikaragarri handia da, eta asko hobetu behar da. Oraintxe bertan, erronka da bilketa selektiboa %80ra edo %90era iristea, eta hori bai, posible da. Horretara iritsitakoan, gertuago egongo da Zero Zabor, eta orduan industriarekin lan egin beharko dugu, Zero Zaborren ideiarekin diseinatzeko dena. Baina garrantzitsuena, helburua baino gehiago, norabidea da. Zero Zaborrek norabidea jartzen digu, baliabideen kudeaketa onean beti urrunago joateko. Guk horrela esaten dugu: «Ez bazaude zero zaborren alde, zenbat hondakinen alde zaude?».
Gipuzkoako hainbat alderdi politiko esaten ari dira atez ateko bilketa garestiagoa eta zikinagoa dela. Zer iritzi duzu horri buruz?
Bilketa selektiboa egiteko, beste edozein sistemak baino emaitza hobeak ematen dituela erakutsi du atez atekoak. Batzuetan garestiagoa da, baina gehienetan ez. Eta kontatuko balira ingurumenaren pasiboak, eta enplegu sorreraren ondorioak, atez atekoak gol askoren aldearekin irabaziko luke. Zikinkeriari buruz, ez dago frogarik erakusten duenik atez atekoa beste sistemak baino zikinagoa denik. Atez atekoa egiten duten herriak bisitatzen dituztenek ez dute zikintasun irudipenik izaten. Normalean, horrelakoak esaten dituzte atez atekoa ezagutzen ez duten edo funtzionatzen ikusi ez duten pertsonek.
Esaten da, baita ere, hondakinak biltzeko modu bat dela atez atekoa, baina ez dela hondakinak tratatzeko modu bat, eta %70 edo %80 birziklatuta ere errauste planta bat behar litzatekeela...
Argi dago zenbat eta gehiago birziklatu, gutxiago dagoela zabortegira edo erraustera bidaltzeko. Alde horretatik, galdera da nola iritsiko garen %80ko edo %90eko birziklatze tasa batera, eta, aldi berean, nola gutxituko dugun hondakinen kopurua. Azpiegituren plan bat egitea, eta errauste plantez edo zabortegiez hitz egiten hastea, aldez aurretik porrota onartzea da, eta etxea teilatutik eraikitzen hastea. Bilketa selektiboa ahalik eta handiena izatea da lehentasuna, eta hori lortzeko ezinbestekoa da malgutasun handi bat edukitzea hondakinen bukaerako tratamenduarekin. Eta errauste planta bat malgutasunaren antitesia da.
Nola ikusten dituzu enpresak? Hondakinen gaineko erantzukizuna bere gain hartzeko urratsak egiten ari dira? Bada esperientzia positiborik?
Enpresak dira interesatuen daudenak Zero Zabor ideian, haiek badakite eta hondakinak kostu hutsa direla. Zero Zaborrek kostu gutxiago esan nahi du. Badira enpresa batzuk, Zero Zaborren filosofiaz jabetu gabe ere, produkzio prozesuetatik hondakinak ezabatzeko helburuak hartu dituztenak, kostu arrazoi hutsengatik. Hewlett Packard edo Wall-Mart bezalako enpresek hartu dituzte Zero Zabor helburuak. Bulegoei dagokionez, berriz, zertifikatua eman berri diogu Bruselako energia berriztagarrien eraikinari.
Gipuzkoa aukeratu duzue Europako Zero Zabor mugimenduaren bigarren batzarra egiteko. Zein izan da Gipuzkoa aukeratzeko arrazoia?
Adierazi nahi dugu Gipuzkoak izugarrizko aukera duela jauzi erraldoi bat emateko baliabideen kudeaketan, eta mundu mailan lehen lerroan jar daitekeela. Europako Zero Zabor mugimenduaren koordinazioan ere urratsak egin nahi ditugu, Zero Zabor udalerrien sare bat sortuz eta Europa mailako proiektuak zehaztuz.
..ooOoo..
Paul Connett: «Atez atekoa ez da zikina; hondakinak nahastea, hori da zikinkeria»
New Yorkeko Saint Lawrence Unibertsitatean (AEB) Kimika eta Toxikologia irakasle izan da Paul Connett 23 urtez, eta duela sei urte hartu zuen erretiroa. Zero Zabor mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen 1990eko hamarkadan, eta Nazioarteko Zero Zabor Aliantza ere sustatu du. Mundu osoan ematen ditu hitzaldiak, hondakinen kudeaketari buruz; haren lankide batek esana da «hondakinak interesgarri» bihurtzen dituela, halako pasioz hitz egiten du gaiari buruz. Europako Zero Zabor taldeen bigarren topaketetan hitz egingo du, maiatzaren 11tik 13ra, Donostian.
Nola eta noiz sortu zen Zero Zabor mugimendua? Zer ibilbide egin du?
Zero Waste izeneko gobernuz kanpoko erakunde bat izan zen 1990eko hamarkada hasieran Filipinetan, baina kontzeptuak ez zuen abiada hartu 1995 arte. Urte hartan, Kaliforniara [AEB] iritsi zen berri bat: Kanberrako Gobernuak [Australia] onartu behar zuela Zaborrik ez 1990ean izeneko lege bat. Dan Knappek ekarri zuen albiste hura Kaliforniara. Urban Ore zuzentzen zuen Danek, Berkeleyko [AEB] berrerabilpen programa handiena. %100 birziklatu ideia defendatzen ibilia zen Dan, baina ideia hura ez zuten serioski hartu, ez bertako gobernuek, ez gobernuz kanpoko erakundeek, Canberrako Gobernuaren babesaren albistea iritsi zen arte. Zero Zabor ideia momentu egokian iritsi zen Kaliforniara. 2000. urterako errauste plantetatik eta zabortegietatik [hondakinen] %50 ateratzeko estatu lege bat bazen; harekin bat egin zuten udalerri askok, eta dirua aurrezten ari ziren hori egin ahala. Batzuk galdezka hasi ziren: «Zergatik gelditu %50ean? Zergatik ez %60, 70, 80? Eta... zergatik ez %100, edo Zero Zabor?». Errausketaren kontrako borrokaren parte bezala, Italiara eraman nuen ideia 1996 eta 1999 artean.
Zein da mugimenduaren azken helburua? Zergatik egiten duzue Zero Zabor ideiaren alde?
Gizarte iraunkorrera bidean herritarrek eta udalerriek egin dezaketen gauzarik zehatzena da. Zero zabor hobea da tokiko ekonomiarentzat: lanpostu gehiago. Zero zabor hobea da ingurumenarentzat eta osasunarentzat: toxiko gutxiago. Zero zabor hobea da gure seme-alabentzat: itxaropen gehiago.
Zein izan da mugimenduaren garapena? Zeintzuk dira garatzen ari diren esperientzia interesgarrienak?
Zero Zaborri dagokionez, Kalifornia eta Italia dira lekurik interesgarrienak. Baina Gales, Espainia eta beste herrialde batzuetara hedatzen ari da ideia.
Posible da zaborrik ez sortzea, zero zabor ideia horretara gerturatzea? Zeintzuk dira esperientzia aurreratuenak bide horretan?
Tamaina ezberdinetako udalerrientzat posible da zabortegietatik hondakinen %70-80 ateratzea, errauste plantarik erabili gabe. San Frantziskok [AEB] %78ko bilketa selektiboa du; Italiako udalerri batzuk %80tik gora daude, eta baita Espainiako batzuk ere [Euskal Herriaz eta Herrialde Katalanez ari da]. Baina zerora iristeko herritarren erantzukizuna behar dugu bukaerako partean [kontsumo katearen bukaeran], eta erantzukizun industriala hasierako partean [produktuen ekoizpenean]. Zaborra diseinu arazo bat da, arazo humano bat; naturak ez du zaborrik sortzen. Industriari hau esan behar diogu: «Ezin bada berrerabili, birziklatu edo konpostatu, industriak ez luke ekoiztu behar». Diseinu industrial hobea behar dugu 21. menderako.
Baina industria jabetzen da hondakinen arazoan duen erantzukizunaz? Urrats egokiak egiten ari da?
Ekoizle asko ari dira. Enpresa askok hartu dituzte Zero Zabor politikak, irauteko produktuak egiten dituzten ekoizleek batik bat. Estalkiak egiten dituen industriarekin daukagu arazo handiena; ekoizleek kontsumitzaileei pasatu nahi diete ardura, erabili eta botatzeko ontziak egiten dituztelarik.
Zero Zabor mugimendua, batik bat, errauste plantak eraikitzearen aurka sortu da leku gehienetan: Gipuzkoan, Italian... Zein da zure iritzia hondakinak errausteari buruz?
Italian, kasu askotan, errausketak eragindako pasioa da alternatibetan halako interesa eragin duena. Zero Zabor alternatiba integrala da; hondakinak bereiztea eta ikertzea dira gako funtsezkoak eta, inerteentzako aldi baterako zabortegiekin, alternatiba horrek ordezkatu egiten ditu errautsen zabortegiak bat behar dituzten errauste plantak.
Errausketak ez ditu kasu guztiak kitzikatu. Kalifornian, merkeagoa eta sozialagoa izan zen bultzada. Zabortegian ixteko erabakiak eragin zuen Kanberran. Trapanin, Sizilian [Italia], kontua ez zen izan errauste planta batek mehatxatzen zituela, baizik eta norabide iraunkorrago bat hartu nahi zutela.
Zero Zaborrek aitzakia ematen digu iraunkortasunaz hitz egin ahal izateko, zeina oso kontzeptu urruna baita jende gehienarentzat, mehatxatuta sentitzen den arte. Eta mehatxatutako komunitate bat oso komunitate sendoa da, pertsonek elkarrekin lan egiten badute arazoak konpontzeko.
Zero zabor helburuaren atzetik, hondakinak atez ate biltzearen alde egiten duzue. Baina atez ateko hondakinen bilketa zikina eta garestia dela kritikatzen dute hainbat alderdik hemen.
Ez du zertan garestia izan, ondo diseinatzen bada. Eta ez da zikina; hondakin guztiak nahastea, hori da zikinkeria. Errauste plantak ere zikinak dira: airea zikina, eta errautsak zikinak. Baina errauste planten kontrako argumentu handiena beste hau da: ez dira iraunkorrak! Zerbait erretzen duzun bakoitzean, atzera egiten duzu, adibidez lehengaiekin. Lehengaiak erauzten, lantzen eta garraiatzen eragindako kalteak ez dira apaltzen gauzak erretzen baldin badituzu. Errausketak ideia txar bat perfekzionatu nahi du. Gure zeregina ez da gauzak desegiteko prozesuak hobetzea, baizik eta desegin behar diren gauzak eta produktuak ekoizteari uztea.
Iazko urrian aukera izan zenuen, Italian, Gipuzkoako atez ateko bilketaren azalpenak entzuteko. Zer iruditu zitzaizun?
Euskal Herriko jendeak sistema berria (atez atekoa, eta abar) deskribatu zuenean, Italiar metodoa deitu zioten, eta horrek den-denak hunkitu zituen! Oso harro zeuden, haien ideiak beste herrialde batera igaro zirelako. Ni ere asko hunkitu ninduten zintzilikarioek —etxebizitza bakoitzarentzako edukiontzi kodetuekin—, eta bildutako materia organikoaren kalitate miresgarriarekin.













