Egunez ikusi zuen basoa ikaragarri hedatzen zela, tokia inguratzen zuten mendietaraino gutxienez. Gauez, eremu zabal hark askoz handiagoa ematen zuen, hotzak, isiltasunak eta ikusi ezinak mila aldiz magnifikaturik.
Gauez eguneroko hitzez biluzten naiz, gauez ezizenak erantzi.
Bera han zegoelako igartzen zuen hori, hoztasun eternal hartatik ihes egin nahian, oraindik ere jarraika nor zuen jakin gabe.
Petroliozko kriseilu bat ostea lortu zuen iluntzean topatu zuen borda batetik. Pospoloak ere hurbil topatu zituen, hautsez beteriko kaxoi batean. Azkenekoz han egon zenak ez zuen espero inork kandila osterik. Agian baten batek apropos han utzi zituela pentsatu zuen momentu batez, espazio eta denbora koordenatu zehatz horietan, beste inork koordenatu horiexek galtzen zituenerako. Berak gau hartan bezala.
Kriseiluak laupabost metrotara egiten zuen argi, harantzago gauaren fluido beltz lodia hedatzen zen. Bere hats hotza laino ahul errepikakorretan barreiatzen zen argizko esfera horretan. Hala zebilen, fluido haren eternitate iluna, han hasi eta espazioan zehar milaka miloi argi urtetan hedatzen zena petrolio argi dardaratiaz bere aurretik aldentzen, kandila hotzak gogorturiko eskuaz eutsiz, berriro ere bere gibelean laster biltzeko.
Fluido hark pisua zuen. Ia-ia fisikoki senti zezakeen pisua, entzun zitekeen soinu bakarra. Fluido hark zelatatzen zuen: argi laranjaxkara azaltzen ziren zuhaitzen artetik, lupetz ustelaren artetik eta iluntasunean galduta bere gainean imaginatzen zituen adaburu garaien gainetik. Ondo baino hobeto sumatzen zuen bere erreinua zulatzen zebilen atzerritar ez ongietorria eta estutu egiten zuen, agorafobiaz.
Hotza sentitzen zuen. Arropan zehar sartzen zitzaion hotz umela. Zapatetako zoletatik gora hedatzen zena pausu bakoitzean. Bere aurrean zeraman gartxoak arean zerbait, gradu hamarrenen bat berotzen zizkion hurbilen zeuzkan eskua eta aurpegia. Epeltasunaren itxaropena, apenas. Gauak bere presentziari erantzun bakar izoztua ematen zion.
Gauez indiferentzia geruza honi atzamarka, eskuak odolez zikinduz- etorri zitzaion berriz abestia.
Gauak estali zizkion aurreko hartan neska hari hurbiltzeko lotsak, izara garden batez bere nortasunean zorrozki zizelkaturiko ezaugarriak gainjarriz. Gogoratu zituen bere begiak eta ezpainak, hain gozo eta leunak izan zirenak. Momentu hartan, ordea, gogoratzen zituen guztiak lotsagarriak iruditzen zitzaizkion, alferrikakoak. Oroimenak ahaztu nahi zituen, atzean utzi nahi zituen, bere ihesa trakestuko luketen zama alperrikoa balira bezala.
Gogoko izan zuen gau hura: lotsak lokarrarazteko nahikoa baina ez sakonean zeramatzan beldurrak irekitzeko adinako gau epela. Kaleetako argiek eta tabernetako zaratak epeldurikoa. Oraingoan, aldiz, edozer emango zukeen eguzkia berriz ikusteko. Izan ere, eguzkia zen hormarik gabeko zoramenezko espetxe hartatik atera zezakeen bakarra, ordu batzuez behintzat. Ez zekien zenbat aurreratu zuen, zerbait aurreratu bazuen. Ez zekien oraindik zenbat iraun beharko zuen iheska. Hala ere, noranzko bakarra jarrai zezakeen: aurrera.
Zuhaitz handi baten enborraren kontra euskarritu zen deskantsatzeko. Momentu hartantxe ikusi zuen, segundo zatiki batez, argi txiki txiki bat, bera atzean uzten zebilen alderantz. Adi adi begiratu zuen berriz tarte batez, baina ez zuen berriro ikusi. Eldarniotan zebilen? Haztamuz topatu ote zuen betiereko gauean bera bezain galduta zebilen norbait? Geratzen zitzaion zentzu apurrak beste ideia bat eman zion, ordea. Jarraika zuen horroreak bere aztarna topatuko zuen? Baina, nola?
Momentu hartara arte aberezko indarrez eutsi zien malkoei, baina instant hartako urduritasunak guztiak askarazi zizkion, zotin artean. Minutu batzuetan zehar, etsipenak jota geratu zen lurrean jesarrita. Agian urduritasunak eragindako irudipen bat baino ez zen izan. Atzean utzi zuen beltzari begiratu zion. Ez zen ezer ageri. Lasaitu hasperen bat egitera joan zen momentuan, aldiz, berriz ikusi zuen. Argi nimiño bat, isil isilik desagertu zena. Orduantxe konturatu zen egoera haren zentzugabekeria osoaz. Berak horroreak zeraman argia ikusten zuen moduan, kontrakoa ere gertatzen zen. Horregatik izango zitzaion hain erraza bere atzetik ibiltzea. Baita lur ustel haietako izakia zelako ere.
Eskuak dardaraka, ordura arte salbatu izan zuela uste zuen eguzki txiki ikaratia heldu zuen, ahurretan bere epeltasuna sentituz. Momentu hartara arte bezala jarraitzen bazuen, gaua bukatu baino lehen gainean izango zuen, ziur. Ez zuen beldur izan nahi. Edozer zuen nahiago egoera hura baino: basapiztiaren batek han zegoela topatzea, neskarekin izandako momentuak ahaztea, lana galtzea... baina beldurrik ez. Alferrikako guztiak emango zituen beldurrik ez izatearen truke.
Kanpotik ikusi zuen bere burua, enbor haren oinean eserita. Bere aurpegikerak argi islatu zuen beldurretik amorrura igarotzea, eta bien nahasketatik sortu zen adorea. Ez baitzuen beldurrik nahi, eta hori lortzeko beharrezkoa balitz, berak eragingo zuen beldurra. Eskuen arteko kriseiluari begiratzen zion, itxaropenez beterik. Zer zen ba eguzkia, berari bakea ekarriko ziona, gar erraldoi bat baino? Eguzkia bera ere, eskuen artean zeukana baino txinparta xumeagoren batetik sortuko zen. Behar zuen bakarra, erregaia zen...
Gora begiratu zuen, han imaginatzen zituen adaburuetara. Lehen aldiz etorri zitzaion erretxina usaina. Bai, gaua bera izutzeko besteko argia eta beroa lortu ahal zituen. Petrolio ontzia sastraka edo zuhaitz egokira jaurtiz gero, ikaratzen zuena bera izango zuen lagun, iluntasun hura zaintzen zuten zuhaitz mamuki haiek guztiak. Bera ere erreko zen ziurrenik, baina nork izango zuen beldurra orduan? Bera eta horrorea antzeko sugarri izango ziren gaua bera uxatuko zuen infernu hartarako. Beldurrik ez zen erreko ordea, bere partez behintzat. Argiak eta beroak amorrua itzartuko zuten.
Hain gertu daukat errealitate lauso hau, eta hala ere, sinisten ditut sugegorrien gezurrak.
Petrolio ontzia zuhaitzaren atzean zeuden ota antzeko sastraka batzuen eta zuhaitzaren azalaren artean hustu zuen. Basoak isiltasunez erantzun zion. Inondiko abisurik eman gabe, begiak zabal zabalik sua erregaira hurbiltzeko kandila zabaldu zuenean, garrak keinu bi egin eta itzali egin zen, erregai falta eta haize zirimola baten ondorioz.
Espaziotik behera presioa egiten zuen fluido bat bailitzan igarri zuen iluntasuna bere inguruan hedatzen gor geratzeko moduko isiltasunez. Argi ezaren tsunami infinituak fisikoa izan balitz bezala nahastu zuen bere burua: ez zuen kolperik nabaritu, baina jada ez zekien une bat lehenago zegoen toki berean zegoen ala handik benetan urruti, zer zen goia eta behea. Nor zen eta zer egiten zebilen han, berak neskaren besoetan egon nahi bazuen.
Negarra isilik etorri zitzaion oraingoan, masailetatik bere bidea eginez. Beherantz begiratu zuenean, eskuen artean zeukan kriseilu jada itzalian oraindik ere txinparta bat ikusi zuen kotoizko metxan. Itxaropen txinparta bat. Malkoa masailetik irristatu zitzaion eta txinparta itzali zuen.
Iluntasunaren parte zen orain, beraz. Ez zeukan zentzurik negar egiteak, ez ordura arte bizitako ezerk. Alde guztietatik jazartzen zuen ezerezak, hurrengo argia heldu baino lehen ezabatu nahiko balu bezala. Haren guztiaren parte zela ulertu zuen. Argirik gabe, beste itzal bat baino ez espazio mugagabean. Beldurra eta amorrua ere itzali zitzaizkion. Apurka-apurka, jarraitu zuen bidea alde batera utzi zuen, infinitu hartan inork ezingo zuela topatu ulertuz. Atzean utzi zuen berarekin zeraman guztia, itzal besterik ez izateraino.
Hain gertu daukat errealitate lauso hau, besoa luzatu eta behatzekin hartuko dut.
Urrun irristatu zen, zuhaitzen arteko espazio errepikakorraren artetik, eoietan zehar, momentu batean iratzarri zen arte. Ez zekien noiz lokartu zen, baina argi zegoen zerk iratzarri zuen: zuhaitzen artetik, nonbaitetik, argitasun oraindik ahul baina zabala nabari zen. Ilunpe absolutuarekin kontrastean itsugarria ematen zuen ia.
Eguzkia agertzen ari zen. Baina jada ez zuen ezer gogoratzen.