Armadarik gabeko gizartea
Soldaduskari eta ordezko gizarte zerbitzuari ezetz esan zioten intsumisoek duela hogei urte. Desobedientzia zibilean oinarritutako mugimenduak ikasgai ugari eman dizkie gizarte mugimenduei
Soldaduska nahitaez egin beharra amaitu zen, baina bide luzea dute oraindik armadarik gabeko gizartea nahi duten mugimenduek. 2001az geroztik, profesionalak dira Espainiako eta Frantziako armadak. Baina, ordura arte, derrigorrezko soldaduskan oinarritzen ziren. Hainbat arrazoik eragin zuten armadak profesionalizatzea, baina intsumisioak ere lagundu zuen nahitaezko soldaduska bukatzen. Bihar hogei urte beteko dira lehen intsumisoak aurkeztu zirenetik. Mugimendu antimilitaristak urteurren eguna baliatuko du borroka hura gogora ekartzeko, eta armaden aurkako mezua berritzeko.
1989ko otsailaren 20an, goizeko 11:00etan, aurkeztu ziren lehen intsumisoak Bilboko Gobernu Militarraren aurrean. Urtarrilean soldaduskara joan behar zuten gazteak ziren. Handik aurrera, hilero aurkezten hasi ziren intsumisoak, eta mugimendu berri eta geldiezina sortu zen. Hala ere, hori baino zaharragoa da mugimendu antimilitarista. Espainiako armadari kontzientzia eragozlea egiten hasi zirenak Jehovako Lekukoak izan ziren. Kontzientzia arazoak argudiatu zituzten soldaduskara ez joateko. Laster, ordea, kontzientzia eragozle politikoak agertu ziren, alegia, kontzientzia arazoez aparte, armadaren instituzioa kritikatzen zutenak. Herrialde Katalanetan agertu ziren, eta Pepe Beunza izan zen lehena, 1971n. Hainbat lagunek jarraitu egin zioten, eta espetxean sartu zituzten gehienak. Espainiako Gobernuak 1977an eman zuen Amnistiaren Legearekin kaleratu zituzten.
Lehendabiziko desobeditzaile haiekin, mugimendua hasi zen antolatzen. 1970eko hamarkadan sortu zen, Espainian, KEM. Euskal Herrian ere antolatzen hasi ziren armadaren eragozleak. Lehen batzarra 1979an egin zuen KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak, Araban. Eragozle kopuruak gora egin zuen 1980ko hamarkadan. Espainiak NATOn sartzeko erreferenduma egin behar zuen 1986an, eta haren aurka hainbat talde sortzen hasi ziren. Antimilitarismoa bidea egiten hasi zen ezkerreko hainbat taldetan, gaztetxeetan, gazte batzarretan...
Kontzientzia eragozpenari nolabaiteko irteera eman nahian, Espainiako Gobernuak Kontzientzia Eragozpenaren Legea onartu zuen 1984an, eta, urtebete geroago, OGZ ordezko gizarte zerbitzua jarri zuen abian. Gobernuak gizarteari zerbitzu batzuk ematera behartu nahi zituen soldaduska egiteari uko egin zioten eragileak. Legea onartu bai, baina geldirik egon zen 1989 arte. Urte hartan jarri zuten abian OGZ, eta amnistiatu egin zituzten ordura arteko eragozleak.
Gizarte zerbitzuari ezetz
Antimilitaristek urrats berria egin zuten orduan. KEMeko kide Ander Eigurenen arabera, «lehen mementotik genekien soldadutza hilda zegoela, horrexegatik pentsatzen genuen geure helburu nagusia ez zela soldadutzarekin amaitzea». OGZ egiteari uko egin zioten, eta horrela sortu ziren lehen intsumisoak. «Lortu genuen, intsumisioaren bidez, bokazio militarra oso eskasa izatea», nabarmendu du Eigurenek.
Hasieran, intsumiso batzuk atxilotzen eta kartzelatzen hasi ziren, «errepresio selektiboa» erabiliz, Eigurenek dioenez: «Eurek ere ez zekiten zer egin». Lehen atxilotu haiei epaiketa militarrak, gerra kontseiluak egiten zizkieten; baina arazoa sumatu zuen Gobernuak, eta legeak aldatu zituen, 1991n, intsumisoak auzitegi zibiletan epaitzeko. Gogortu ere egin zituzten zigorrak: militarren Zigor Kodeak urtebeteko kartzela zigorra ezartzen zien intsumisoei; Kode Zibilak, berriz, bi urte, lau hilabete eta egun bateko zigorra.
Intsumisoz betetzen hasi ziren espetxeak -1993. urtea bukatzerako, Iruñeko kartzelan 100 bat intsumiso zeuden preso-. Baina, horrekin batera, indultuak eta absoluzioak ematen hasi ziren. Gobernuak ez zituen intsumisoak nahi espetxean. Erantzuna ere azkar eman zuten intsumisoek: plantoak egiten hasi ziren, eta zigorra espetxean beteko zutela erabaki zuten. Baina Gobernua, ukaldi berrian, kartzelako hirugarren gradua ematen hasi zitzaien presoei. Bizkor erantzun zuen, berriro ere, mugimenduak: intsumisoek uko egin zioten hirugarren graduari.
«Errepresioak indartsuago egin gintuen», adierazi du Javi Fernandez Kakitzat-eko kideak. 1980ko hamarkadaren bigarren erdi aldean sortu eta zabaldu ziren Kakitzat-en taldeak Hego Euskal Herrian. Fernandezen hitzetan, «Kakitzat zen tresna bat, elkartzeko hainbat mugimendu antimilitarista». Intsumisoak jasotzen hasi ziren errepresioak elkartasuna ere sortu zuen. Fernandezen arabera, «sinpatia» sortu zuen mugimenduak. Eiguren ere bat dator: «Lortu genuen inplikazioa oso zabala izatea». Intsumisioak nolabaiteko leherketa ekarri zuen: sostengu taldeak sortu ziren, presoen senideak antolatu, eta bazter guztietan ekitaldiak egin ziren militarismoaren eta soldaduskaren aurka.
Espetxean egon zen Fernando Mendiola KEMeko kidea. 1994ko irailean sartu zuten barrura, eta 1996ko apirilean irten zen: «Espetxe barnean ere desobeditzen jarraitu genuen. Uko egin genion agindu asko betetzeari, bisean bisekoetan biluzteari, adibidez. Protesta kolektiboak egiten genituen, txartelak jarri, batzarrak egin...». Euren eskubideak ez ezik, «preso guztientzako defentsa bat» egiten zutela gogoratzen du Mendiolak: «Salatu genituen espetxean zeuden baldintza sozialak, elikadura, hiesa zutenen egoera, jipoiak...». Espetxe barruko desobedientzia hark ere ekarri zizkien ondorioak: «Dispertsioa ere tokatu zitzaigun; zortzi kide eraman zituzten Estatuko zortzi espetxetara».
Zigorra gogorragoa izan zitekeela uste du Mendiolak, «baina gizartearen babesak pixka bat arindu zuen etortzen ahal zen errepresioa». Gizarteak eman zion sostengua izan zen intsumisioak izan zuen arrakastaren oinarrietako bat, Mendiolaren ustez. Elkartasun handia piztu zuen, baina ez debalde, Mendiolaren esanetan: «Baliatu nahi izan genuen elkartasun hura mezu antimilitarista zabaltzeko; ez genuen, besterik gabe, errepresioa arintzeko balioko zuen elkartasun bat ». Gizartearen babes hori lortzeko, mugimendu «ez bortitza» izatea lagungarri izan zela uste du: «KEMentzat oso inportantea da, ez bakarrik ideologikoki, baita estrategikoki ere; asko laguntzen du arerioaren bortizkeriari zilegitasuna kentzen».
«Hauxe izan da Europan 20 urtean egon den desobedientzia zibilaren esperientzia handiena», Eigurenek dioenez. Mugimendu antimilitaristaren barruan ez ziren eztabaida gutxi sortu urte haietan, baina guztiek bat egin zuten desobedientziaren erabileran. «Hartu genuen desobedientzia zibila, eta eraman genuen azken muturreraino», Fernandezek dioenez. Udalek eta instituzioek ere izan zuten protagonismorik desobedientzia hartan. Hainbat udalek uko egin zioten soldaduskara joan behar zuten gazteen zerrendak emateari. Zenbait alkate epaitu eta gaitasunik gabe ere utzi zituzten hargatik.
Hala ere, alderdi politikoengandik aparte egoten asmatu zutela azaldu du Mendiolak: «Oso argi gelditu zen ekimena gizarte mugimenduek zutela, eta alderdiek horien atzetik joan behar izan zuten». Iruditzen zaio, gizarte mugimenduentzako, ikasgai garrantzitsua dela hori. Baina intsumisioak zer ikasi gehiago ere eman du, Mendiolaren arabera: «Uztartu egin genuen mezu konkretua eta utopia; horrek ere indarra eman zion mugimenduari, azken batean, posibilismoak ito egiten gaitu».
Intsumisioak derrigorrezko soldaduskaren amaiera behartu zuela ikusten dute Eigurenek, Mendiolak eta Fernandezek. Baina hirurek nabarmendu dute antimilitarismoaren ideia zabaltzeko balio izan zuela, batez ere. Fernandezen esanetan, «lorpenik handiena izan da jende askok pentsatu duela zertarako balio duten armadek».
Nahitaezko soldaduska kendu zutenean, 2001ean, apaldu egin zen mugimendu antimilitarista. «Bagenekien hustu egingo zela», Fernandezek dioenez, «baina militarrak eta armadak ez ziren bukatu; beste modu batean baina segitzen dugu, eta gaudenak pozik gaude borroka honetan segitzeagatik». Antzeko iritzia du Eigurenek ere: «Armagintza, kuartelak, gerrak... hor daude. Ez gara inozoak, badakigu horrek ez duela hainbesteko indarrik kalean kontzientziak astintzeko, baina ahaleginduko gara behintzat». Fernandezen hitzetan, bizirik jarraitzen du «intsumisioaren ispirituak». Mendiolak ere hala ikusten du: «Desobedientzia eta antimilitarismoa tresna onak eta erabilgarriak dira gaur egun».
Hamabi urtean, 1989tik 2001era, Hego Euskal Herrian 10.000 gazte egin ziren intsumiso. Lehen urteetan, talde antimilitaristek zenbaketa zehatza eman bazuten ere, geroago zaildu egin zen intsumiso kopuru zehatza eramatea. Gutxi gorabeherakoa da zifra.
Derrigorrezko soldaduskaren historia
1793. Frantziako Gobernua soldaduak biltzen hasi zen, Ipar Euskal Herrian nahitaezko soldadutza indarrean jarriz.
1876. Bigarren karlistaldia amaituta, derrigorrezko soldaduska ezarri zuen Espainiak Hego Euskal Herrian.
1971. Pepe Beunza kontzientzia eragozlea epaitu zuten.
1982. NATOn sartu zen Espainia. Lau urte geroago erreferenduma egin zen, erabakia berresteko.
1984. Espainiako Legebiltzarrak Kontzientzia Eragozpenaren Legea onartu zuen, Ordezko Gizarte Zerbitzua abian jarriz.
1989. Lehendabiziko intsumisoak aurkeztu ziren, otsailaren 20an, Bilboko Gobernu Militarraren aurrean.
1990. Mugimendu antimilitarista antolatzen hasi ziren Ipar Euskal Herrian, Patxa taldearen inguruan aurrena, Maiaren inguruan gero.
1993. Eusko Legebiltzarrak intsumisioa zigorgabetzeko eskatu zuen.
1993. Intsumiso presoak planto egiten hasi zitzaizkion hirugarren graduari.
1996. Eudima Euskal Udalerri Intsumisoen Mankomunitatea sortu zen. Bestetik, intsumisoak gaitasunik gabe uzten hasi ziren.
2001. Derrigorrezko soldaduska amaitu zen Espainian, Frantzian eta Euskal Herrian.