Tolosaldeko turismo datuek aurten ere emaitza positiboa eman dute
28 kanala
seen from China
seen from United States
seen from Vietnam
seen from United States

seen from United States
seen from United States
seen from United States
seen from Peru
seen from United States
seen from United States
seen from United States
seen from Hong Kong SAR China
seen from Uzbekistan
seen from Sweden
seen from United States
seen from United States

seen from Canada

seen from Singapore

seen from United States

seen from United States
Tolosaldeko turismo datuek aurten ere emaitza positiboa eman dute
28 kanala
«Basque Country is different»
Bidaia gidek leku «ezberdin» gisa aurkezten ohi dute Euskal Herria, eta administrazio publikoek, Espainia eta Frantziako parte gisa. «Sinergiak» bilatzea du xede Jaurlaritzak, baina ez du alboko herrialdeen berri ematen
[2010-8-26]
Espainiarekin eta Frantziarekin konparatuta, «Basque Country is different» (Euskal Herria ezberdina da), idatzi dute Lonely planet bidaia gidaren egileek. Espainiari eskainitako eskuliburuak, Euskal Herriaz hitz egiten hasten delarik, honela dio: «Berdin du nondik iritsi zaren, Espainiako hegoaldeko ordoki beroetatik, edo Frantzia atsegin eta aratzetik, Euskal Herria ezberdina da». Atzerrian idatzitako bidaia gidetan ohikoak dira Euskal Herriko zazpi lurraldeei buruzko aipamenak, edo Hegoaldeari eta Iparraldeari buruzkoak. Gida gehienetan, Euskal Herria ez da zatitzen administrazioen arabera; eta sarri Frantziari eta Espainiari eskainitako liburuetan agertzen bada ere, egileek beti nabarmentzen dute ezberdintasuna.
Joera horrek guztizko kontrastea egiten du bertako administrazio publikoen turismo politikekin. Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa sustatzen ditu turismo helburu gisa; Nafarroako Gobernua bere herrialdera mugatzen da; Pirinio Atlantikoetako departamenduak Ipar Euskal Herria eta Biarno, biak elkarrekin, saltzen ditu. Adierazgarri da, adibiderako, Eusko Jaurlaritzak «Euskadi» nola aurkezten duen turismoari eskainia dion webgunean: «Espainiako Estatua osatzen duten hamazazpi autonomia erkidegoetako bat da».
Euskal Herriko gainerako lurraldeak ez dira agertzen Jaurlaritzaren turismo promozioetan. Salbu eta euskarari buruz hizketan hasten denean: «Gaur egun Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako probintzietan hitz egiten da, eta baita Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako Frantziako euskal probintzietan ere». Antzera jokatzen du Nafarroako Gobernuak; Espainian kokatzen du «Erreinua», eta Euskal Herriko beste herrialdeei ez die aipamenik egiten. Pirinio Atlantikoetako turismo agentziak, berriz, Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko (Okzitania) informazioa ematen du webgunean. Euskarari buruzko informazioa ematen duelarik aipatzen ditu, zeharka, beste euskal probintziak: «Egun, 700.000 euskal hiztun daude, gutxi gorabehera, Euskal Herrian: 150.000 iparraldeko probintzietan (frantsesak) eta 550.000 hegoaldeko probintzietan (espainiarrak)».
'Guide du Routard' aitzindari
Administrazioen ikuspegitik nabarmen ematen duena ez dago hain garbi, atzerriko bidaia gidetan begiratuz gero. Guide du Routard izan zen Euskal Herri osorako turismo gida argitaratu zuen lehena. Duela hamar urte hasi zen, eta ildoari eusten dio, nahiz eta azken urteetan Biarnoko informazioa erantsi dion. Pays Basque (France, Espagne) izenburuarekin argitaratzen du gida urtero. Gidak azaltzen du bidaiaria «zepo administratibotik» aterako dela Euskal Herrian, eta ohartuko dela «alde batean zein bestean» herri bera bizi dela. Arabako herri batean, Baionan entzundako kantu hura sumatuko du; Bizkaiko eliza batean ikusiko du Donibane Garaziko aurresku bera, gidak dioenez. Bidaiariak pixkanaka antzemango die «euskal zibilizazioaren» zeinu berei Iparraldean nahiz Hegoaldean. «Orduan euskaldunak bezala izango da. Ez du esango 'Frantzian', baizik eta 'Iparraldean'; ezta 'Espainian' ere, baizik eta 'Hegoaldean', edo, orokorrago, 'beste aldean'».
Hachette etxeak argitaratzen du Guide du Routard frantsesez, eta herrialde frantsesdunetan saltzen da -Frantzian, Kanadan, Suitzan eta Belgikan, esaterako-. Gaztelaniaz, Salvat etxeak argitaratzen du haren baliokidea. Trotamundos; Pais Vasco y Navarra du izena gidak gaztelaniaz, baina Ipar Euskal Herriko informazioa ere ematen du. Hori bai, frantsesezko edizioko aitzinsolasa aldatu dute; gaztelaniazko gidan ez da zepo administratiborik, beste aldean eta halako kontzepturik agertzen; Manu Leginetxe kazetariaren iruzkinek ordezkatu dituzte aipu horiek.
Espainiako gidetan zailago da Euskal Herri guztiari buruzko informazioa gida bakarrean aurkitzea; Michelinen gidak Hegoaldea hartzen du, Pais Vasco, Navarra y La Rioja izeneko alean. Anaya argitaletxearen Euskadi gida, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoari buruzkoa da bakarrik.
«Herri independentea»
Espainiatik kanpoko gidetan, aldiz, errazago agertzen da Euskal Herri osoari buruzko informazioa. Lonely Planet argitaratzaileak badu, frantsesez, Euskal Herri osoa aurkezten duen eskuliburu bat, baina Biarno erantsi dio mapari, Guide du Routard-en eskuliburuaren ildoari segituta. Horrez gain, Lonely Planet-ek Espainiari eta Frantziari eskainitako aleetan ere agertzen da Euskal Herria. Mapa horretan Errioxa barnean hartzen du Hegoaldeak, baina Euskal Herriaz mintzo da eskuliburua: «Euskaldunek (...) ezberdintzat daukate beren burua. Europar zaharrenak direla aldarrikatzen dute, Europako jatorrizko hizkuntza hitz egiten dutela, eta Frantzia eta Espainiako mutur honetako ingurune menditsuan bizi direla historiaurretik. Ez da frogatu, baina zalantzarik gabe esan liteke edertasun eta aniztasun handiko lurraldean bizi direla». Interneteko atarian, berriz, Aragoirekin (Espainia) batzen du Hego Euskal Herria. «Nafarroa, historiaz eta kulturaz, Euskal Herriari lotua» dagoela argitzen du, nolanahi ere. Frantziako gidan, bestalde, Ipar Euskal Herriari buruzko informazioa ematen du Lonely Planet-ek. Hor ere, ñabardurak eginda, baina: «Frantzia eta Espainiaren bi aldeetara hedatzen da Euskal Herria. Nolanahi ere, adoptatu duten estatu nazioekin alderatuta, oso ezberdina da lurralde borrokalari eta independente hau». Iparraldeko mapatik kanpo utzi dute Zuberoa; eta Landak sartu dituzte.
Rough Guides argitalpenak ere badu gida bat. Euskal Herria: the Pais Vasco & Navarra izena du, baina aurkezpenean «Frantziako hego-mendebaldeko zati bat» ere sartzen du. Hala ere, Ipar Euskal Herriko informazio zehatza Frantziako atalean bilatu behar da, Pirinioei eskainitako azpiatalean.
The New York Times kazetak, irailaren 27an, bidaia kronika bat kaleratu zuen Euskal Herriaz. Sarah Wildmanek idatzi zuen, eta Bilbotik Donibane Lohizunerako (Lapurdi) bidaia proposatu zuen, kostaldetik, «Europako Batasunak finantzatutako autobideak saihestuta». Artikuluak Euskal Herriko historia, ohitura eta kulturari buruzko irudi aski osatua ematen du. Espainiarekin eta Frantziarekin alderatuta, «oso diferentea» iruditu zitzaion Euskal Herria Wildmani; aurkeztu ere, zazpi lurraldeko herri gisa aurkezten zuen. Begi zolia du, hala ere: Iparraldeko eta Hegoaldeko biztanleak «lehengusu baino gehiago» direla zioen, «baina anai-arreba izatera heldu gabe».
Izenak eta mapak ugari, baina tokiko administrazioek baino ikuspegi osoagoa eman ohi dute atzerriko turismo gida gehienek. «Ezin dugu turista lurralde batean preso eduki», aldarrikatu zuen duela astebete Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa turismo gune bakar bezala ikusi behar direla zehaztu zuen: «Ordubete eta gutxian 150 kilometroko erradio bat, oso distantzia txikia da turistarentzat».
Espainiako Gobernuak martxoan aurkeztu zuen I need Spain (Espainia behar dut) kanpaina, eta Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuen uztailaren 5ean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako turismoa sustatzeko kanpainak I need Spain lelopean egingo dituzte datozen hilabeteetan. Jaurlaritzak «sinergia guztiak aprobetxatzeko» estrategia gisa aurkeztu zuen hitzarmena. Iñaki Oiartzabal PPko EAEko idazkari nagusiak ere hitz bera erabili zuen: «Sinergiak bilatu behar dira Euskadira turista gehiago etortzeko». Jaurlaritzak, ordea, uko egin dio Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekin «sinergiak» bilatzeari. Espainian aurkitu ditu.
...oooOooo...
Ardiak, elizak eta Euskaltel
Atzerriko turismo gidak, zein lekuz ari diren, bertakoentzat bitxikeriaz beteta egon daitezke; baina bertakoek sumatu gabekoak atzemateko leiho ere izan daiteke atzerritarren begiratua
[2008-8-26]
«Jostatu hondartza perfektuan, egin pintxo jankada bat, dantzatu gau guztian eta Donostia estilotsuan denbora luzez egotea desiratu». Hori da Lonely Planet gidak turistari proposatzen dion plana, Euskal Herrira joatekotan. Kanpotarren begietan interesgarri eta baliagarri izan litezkeen informazioak bertakoen begietan bitxikeria gisa ager litezke. Halakoz beteta daude turismo gidak.
Zer aholkatzen duten turismo gidek? Guggenheim museoa, kostaldeko herriak eta hondartzak, Iruñeko sanferminak, Done Jakue bidea, Pirinioak, Nafarroako ardoak, Erriberri eta Uxueko gazteluak... Eta pintxo jateak, noski. «Espainiako jatekorik onenak» omen daude Euskal Herrian, gida askotan irakur daitekeenez. Baita festa giroa ere, sanferminetakoa bereziki: «Kalean 24 orduz dantzan», dio Rough Guides-ek; «Etengabeko festa, gaua erre nahi baduzu», Lonely Planet-ek.
Iruñe «soila»
Bilbo, Donostia, Iruñea eta Baiona nabarmentzen dira hiriburuen artean. Gasteiz, gutxiago, baina agertzen da; Rough Guides-ek honela aurkezten du: «Alde zahar liluragarria du eta harmoniatsua da, oro har, parte batzuetan penagarri baldin badago ere, Batasuna eta euskal independentziaren aldeko pintaketa eta txartelekin hormetan». Bitxia da, era berean, Lonely Planet-ek Iruñea nola aurkezten duen: «Soila eman dezake batzuetan, eraikin zaharretako harri ilunengatik, batetik, eta Nafarroako politika erreakzionarioaren ospearengatik, bestetik. Baina sanferminen etxea da Iruñea, Europako festarik neurrigabe eta muturrekoenetako bat». Are aipamen bitxiagoa egiten du aurrerago: «Eta gazte jendearen arteko euskal kultura jatorrak gauzak bizitzen ditu».
Historiari buruzko zertzeladak ere ematen dituzte gidek. Euskaldunen eta euskararen jatorria «misterioa» dela aipatu ohi dute. «Haien hizkuntzak, euskara konplexuak, ez du loturarik beste batekin», zehazten du Rough Guides-ek. Batzuetan osatuago, besteetan azalekoago, historia garaikideari buruzko oharrak ere ez dira falta. Karlistaldiak, 1936ko gerra, frankismoa, ETAren sorrera... ez dira saihesten Lonely Planet-en eta Trotamundos-en. «Gaur egun, hainbat su-eten faltsuren ondoren, ETAren indarkeriak jarraitu egiten du», irakur liteke Lonely Planet-en; eta eransten du ETA «gutxiengo muturreko eta txikia» dela eta ez duela ordezkatzen «eskualdean nagusi den nazionalismo baketsua».
Baina turistaren begiak ere antzematen die bertakoen begietan ezdeus direnei. Sarah Wildmanek, esaterako, kostaldeko irudi hau deskribatu zuen The New York Times kazetan: «Ardiak eta ahuntzak daude mendietan iltzatuta, XV. mendeko elizak altxatzen dira, eta Euskaltelek -tokiko telefono konpainiak- sustatutako elastikoz jantzita doaz txirrindulariak, biko eta hiruko taldeetan, indarka». Ardiak, elizak eta Euskaltel; horra zertan laburbil daitekeen Euskal Herria.
...oooOooo...
Atzerritarrentzat, 'Spain'; baina bertakoentzat, ez
I need Spain kanpainaren ondorioetako bat da. Turismoa sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren webgunean Euskadi marka agertzen da. Euskaraz eta gaztelaniaz, Dasta ezazu leloarekin soilik agertzen da marka hori. Baina ingelesezko webgunean Spain erantsi diote, alemanez Spanien, eta frantsesez Espagne. «Agian, atzerrian ez gaituzte zehazki kokatzen», azaldu du Jaurlaritzak: «Nazioarteko sona duen marka da Espainia, eta harekin harremanetan jarrita, turista gehiago erakarri ahal izango ditugu». Nafarroako Gobernuak ere hitzarmenak sinatu izan ditu Turespañarekin, uztailean Jaurlaritzak egin zuen bezala; baina Nafarroako turismo kanpainetan ez da, oraingoz bederen, Spain marka ageri.
Jatorrizkoa