Bidelanen kontratua baliogabetzen hasita, Gipuzkoako bi kontratu publiko handienak galtzeko arriskuan ditu Serbitzu enpresak. Aldundiak uste du administrazioarentzat «kaltegarria» dela Bidelanekiko kontratua. Bidelan sortu zuten hiru enpresetako batek, Serbitzuk, Transitiaren esku utzi zituen bere partaidetzak. Dozenaka enpresa osatu dituzte Transitiako bazkideek, eta obra publiko gehienetan esku hartzen dute.
Gipuzkoako bi kontratu publiko handienak baliogabetzeko bidean jarri ditu aldundiak. Zubietako errauste plantaren lanak gelditu zituen uztailean —223 milioi euroko aurrekontua, balio erantsiaren zerga kontatu gabe—, eta Bidelan enpresa pribatuarekin AP8a eta AP1a kudeatzeko sinatutako kontratuak etetea erabaki du aste honetan —azkenaldian, 38 milioi euro inguruko ordainketa, urteko, aldundiarentzat—. Diputazioaren erabakiek enpresa askori eragingo dieten arren, bada bat bi kontratuak galtzeko arriskua duena, Serbitzu SL.
Garbiketa eta higiene zerbitzuak eskaintzeko sortu zuten Serbitzu, 1992an. Kaleak, hondartzak, errepideak... garbitzeko eta mantentzeko lanak egiten ditu, besteak beste, eta hainbat lehiaketa publiko eskuratu ditu azken urteetan, FCCrekin batera aurkeztuta —Serbitzuren inguruko enpresa taldeko bazkide batzuk FCCko apoderatu ere badira—. 2010ean Zubietako errauste planta eraikitzeko lehiaketa irabazi zuten Serbitzuk eta FCCk, Altuna y Uria, Murias eta AE&E Inova enpresekin aurkeztuta.
Hori baino lehenago, 2002an, beste lehiaketa publiko handi bat ere irabazi zuen Serbitzuk. Asfaltos Naturales de Campezo SA eta Dragados y Construcciones SA enpresekin, Bidelan izeneko aldi baterako enpresa elkarte bat sortu zuen, eta AP8a kudeatzeko lehiaketa irabazi zuen. 2003an sinatu zuen kontratua Bidegirekin —Bidegi sozietate publikoa Gipuzkoako autobideak kudeatzeko sortu zuen diputazioak—. Geroago, 2005ean, AP1 autobidea kudeatzeko lehiaketa irabazi zuen Bidelan AP1 SA enpresak —aurreko hiru enpresek eta Sociedad Iberica de Construcciones Electricas SAk sortu zuten; 2007an fusionatu egin ziren Bidelan SA eta Bidelan AP1 SA, Bidelan Gipuzkoako Autobideak SA sortzeko—.
Polemika sortu zen, hasieratik, AP8aren lehiaketaren inguruan. Aralar alderdiak salatu zuen Serbitzu SLko presidentea, Xabier Agiriano, EAJko Batzar Nazionaleko kide izana zela, eta lehiaketan «adiskidekeriaz» jokatzea egotzi zion aldundiari, garai hartan EAJren esku baitzegoen. Jose Joan Gonzalez de Txabarri orduko ahaldun nagusiak agerraldia egin zuen Batzar Nagusietan, AP8aren kontratua Bidelani emateko prozedura argitzeko.
Izatez, AP8aren lehiaketa publikoan hirugarren gelditu zen Bidelan; beste bi enpresa elkartek puntuaketa hobea jaso zuten. Lehiaketaren irabazletzat nola jo zuten galdetu zuen Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak, eta etika aipatu zien gainerako ordezkari politikoei. «Eta nola neurtzen da etika?», erantzun zion Txabarrik: «Nik pentsa dezaket zu egiten ari zarena pertsekuzio bat dela, eta, horren arabera, etikak non gelditzen dira? Zuk edozein gauza esan dezakezu pertsonen izenak erabiliz lasai asko? Eta nola egin litezke salaketak sistema politiko batean, gauzak legalak direla baieztatzen denean? Legala baldin bada, legala da».
EAJko kide gehiagok ere Bidelanen behar egiten zutela esana zuen Uberak. Bidelan SAren kudeatzailea, Isaac Loiola, Elgoibarren zinegotzi jeltzalea izan zen 1990eko hamarkadan, eta Espainiako Kongresurako EAJren zerrendetan ere joan zen. Miguel Buen PSE-EEko batzarkideak Uberari erantzun zion normalak zirela halakoak. «Hedapen handiko alderdiek, alderdi sozialista, EAJ, PP bezalakoek» beren kideak enpresetan edukitzea ez zela arraroa: «Kasu gehienetan, administrazio kontseilu batzuetan, hidroelektriketan, autobideetan... ordezkaritza dute, baina erabat logikoa da, hedapen zabala dutelako». Prebarikazioa egon zela uste bazuen, frogatzeko esan zion Txabarrik Uberari, eta horretan gelditu zen salaketa, gerora Aralarrek ideia bera errepikatu izan duen arren.
Bidelanek, beraz, AP8a kudeatzeko kontratua sinatu zuen aldundiarekin 2003an, eta AP1a kudeatzeko kontratua 2005ean. Hamar urteko iraupena zuten bi kontratuek, bi autobideak mantendu, artatu eta ustiatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak urteko aurrekontuetan diru sail bat onartzen zuen Bidegirentzat. Bidegik, berriz, AP8aren eta AP1aren lan gehienak Bidelani dagozkionez, hari ordaintzen zion. Lehen kontratu haien arabera, bi errepideek hartuko zuten ibilgailu kopuruaren arabera ordainduko zion Bidegik Bidelani.
Zirkulazioa, Bidelanen esku
Datua da bi autobideetako zirkulazio kopuruen berri Bidelanek berak ematen duela; alegia, Bidelanek zehazten du datua, zenbat ibilgailu igaro diren bi autobideetatik. Pentsatzekoa da zirkulazio datu horiek kontrolatu beharko zituzkeela Bidegik, ordaindu behar zuen faktura horren araberakoa baitzen. Bidegiko iturriek BERRIAri azaldu diotenaren arabera, ordea, Bidegik ez zuen lan hori egiten, ez zuen Bidelani ordaindu beharrekoa kontrolatzen.
Diputazioak egina zuen kalkulu bat 2003rako, hurrengo urteetan zenbat ibilgailu pasatuko ziren autobideetatik. Prebisioak ez ziren bete, ordea, eta zirkulazio datuak behera egiten hasi ziren krisiarekin. Bidelanek zirkulazioaren arabera kobratzen zuenez, kontratuaren hasierako baldintzak aldatu egin zirela onartu zuten bi aldeek. Eta, 2010ean, kontratua aldatu zuten Bidegik eta Bidelanek. Kontratu berriaren arabera, egiten dituen gastuak aurkezten dizkio Bidelanek Bidegiri; eta Bidegik gastuak ordaintzen dizkio Bidelani, ordainketari gastu horien %7,7 erantsita —enpresen irabazi gordinen tartea errespetatzeko sinatu ohi dira halako kontratuak, eta ez dira arrotzak zenbait esparrutan—. Kontratua, atzerako eraginez, 2009ko ordainketari ere aplikatu zioten, eta akordioen iraupena 2018 arte luzatzea adostu zuten.
Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak aste honetan azaldu du kontratua era horretan sinatzeak ondorio «kaltegarriak» dituela; enpresari gehiago gastatzea komeni zaiola, administrazioak gehiago ordain diezaion. Adibiderako: AP8 eta AP1 autobideetako argindarraren iazko faktura 2,1 milioi euro izan zen. Bidegik 2,1 milioi horiek eta 161.700 euro gehiago pagatu zizkion Bidelani, %7,7 gehigarriarengatik. Aldundiak beste errepide batzuk ere kudeatzen ditu, N1a adibidez, eta kasu horietan administrazioa da argindarra pagatzen duena, bitartekaririk gabe, eta enpresa bati irabazi gordinen tartea bermatu beharrik gabe.
Horregatik, 2010eko kontratu aldaketarekin, Bidelanek «beti» irabaziak dituela, eta kaltea Bidegiri, sozietate publikoari, etortzen zaiola adierazi du Ugartek. Eta horregatik erabaki dutela kontratua etetea. Bidegik AP8a eta AP1a zuzenean kudeatuko balitu, Bidelan kontratatu gabe, urtean bost milioi euro aurreztuko lituzkeela uste du diputazioak. Markel Olano EAJren Batzar Nagusietako eledunak, asteazkenean, gezurretan ari zela erantzun zion Ugarteri. Olanok diputazioari ohartarazi dio «milioika eurotako» kalte-ordaina pagatu beharko diola enpresari, eta azkenean kalte handiagoa izango dela kontratua etetea. Ugartek gezurtatu egin du diputazioak kalte-ordainak eman beharko dituela. Aldundiak kontratuak etetea ez, baliogabetzea eskatu duela argitu du, administrazioarentzat «kaltegarri» direlakoan.
%7,7ko irabazi tartearekin zalantzak izateaz gain, diputazioko ordezkariek jakinarazi dute Bidelanek orri bakar bat aurkezten duela urteko bere gastuen justifikazio modura. Fakturarik, nominarik eta bestelako agiririk gabe. Eskatuta ere, Bidelanek ez dituela ematen. Bidelanek, aldi berean, berari dagozkion lan batzuk azpikontratatu egiten ditu, sarri bere enpresa taldearen barruan. Esaterako, tuneletako mantentze lanak Iragaz Watin izeneko enpresak egiten ditu; bidesarien kobraketa lanak, DBS izeneko enpresak; bide garbiketa, Serbitzuk berak... Haiek Bidelani egindako fakturen berri ere ez du Bidegik.
Bidegiren eta Bidelanen inguruan bestelako irregulartasun hotsak ere sortu dira azken urteetan. Bidegiren kudeaketari buruzko zalantzak sarritan agertu dituzte diputazioaren egungo kudeatzaileek. AP8az eta AP1az gainera, herrialdeko beste errepide batzuk ere kudeatzen ditu Bidegik, eta obra berriez arduratzen da. 2004 eta 2011 artean, zortzi errepide egin zituen Bidegik. 588 milioi euroren aurrekontua egin zuen obra horientzat. Baina, azkenean, likidazioa egindakoan, 870 milioi euro pagatu zituen. Alegia, hasieran uste baino 282 milioi euro gehiago gastatu zituen zazpi urtean (%48 gehiago).
AP1eko obren gainean beste bi datu ere eman izan ditu diputazioak. Arlaban eta Eskoriatza arteko zatiaren obrak 165 milioi eurogatik eman zituen Bidegik. Obra 2008an bukatu, eta 2009an inauguratu zuten. Obra bukatuta, kontuak kitatzerakoan, Bidegik 46 milioi gehiago ordaindu zizkien eraikitzaileei. Baina handik bi urtera, 2011ko ekainean —foru hauteskundeak igaro eta ia hilabetera—, 35 milioi euro gehiago ordaindu zizkien Bidegik eraikitzaileei. Obrak, azkenean, 259 milioi euroko kostua izan zuen, hasieran uste baino %57 gehiago. AP1aren Eskoriatza eta Arrasate arteko zatian antzera gertatu zela azaldu du diputazioak. 92 milioi eurotan egitekoa zen obrak, azkenean, 151 milioi euroko kostua izan zuen (%65 gehiago). Salaketa horiek Herri Kontuen Euskal Auzitegiak ere berretsi ditu, diputazioaren kudeaketa kritikatuz, eta gainkostuak gehiegizkotzat joz.
Errepide berrietan egindako gastu horien eta mantentze lanetan egindako gastuen emaitza da Bidegiren zorra, 900 milioi euro ingurukoa. Diputazioak salatu zuen, gainera, 2011ko foru hauteskundeak egin bezperan zor horren ia erdia (400 milioi) sinatu zuela Bidegik hainbat bankurekin. Mailegu hura sinatu zutela ospatzeko egin zuten otordu bat, Bidegik ordainduta, 42 pertsonak Gipuzkoako jatetxe batean. 6.200 euroko kontua izan zen administrazio publikoarentzat.
Bazkari haren faktura izan da Bidegiren gainean azken urtean sortutako galernaren beste ufada bat. Bidegiren egoitzan faktura batzuk falta zirelakoan, diputazioak Bidegiren aurreko kudeatzaileei eskatu zien argitzeko non ziren, burofax bidez. EAJk hedabideen aurrean salatu zuen diputazioak erabilitako tonua; Stasiko polizien gisa aritzea egotzi zion. Fakturak handik gutxira agertu ziren. Diputazioaren hitzetan, fakturetan agertu ziren otordu haren ordainketa, Bidegiko bi langileri egindako ordainketa apartekoak, langileei oparitutako iPadak, diputatu bati oparitutako umeentzako arropak...
Kontratuak baliogabetzeko aldundiak aste honetan egin duen eskaria auzitegietara bidean da orain. Galernari hauspoa emango dio datozen hilabeteetan.
Obra publiko handi gehienetan lanean
Bidelan osatu zuten hiru enpresak beste enpresa talde handiago batzuen parte dira. Akziodun nagusia, sorreran, Dragados y Contratas SA zen. Iridium enpresari eman zizkion bere partaidetzak gerora. Iridium Florentino Perez enpresariaren ACS taldeko parte da; azken hilabeteetan, Espainiako PPko diruzain ohiaren paperetan agertu da haren izena, alderdiari ordainketak egin zizkiolakoan.
Bidelanen beste sortzaileetakoa izan zen Serbitzu SL; akziodun nagusia ez izan arren, Serbitzuko administrazio kontseiluko kide batek kudeatzen du Bidelan, Isaac Loiolak. Bere partaidetzak Transitia SL enpresaren esku utzi zituen Serbitzuk 2010ean. Transitiako bazkideen artean jarraitzen dute, hala ere, Serbitzuko buru gehienek.
Transitiaren sortzaileen artean bada, baina, Bizkaiko enpresari familia bat ere, Excavaciones Viuda de Sainz SA enpresatik datorrena. Azucena Gomezek sortu zuen enpresa, eta haren seme-alabek (Maria del Mar eta Pedro Sainz) eta iloba batek (Silvia Kareaga) gidatzen dute orain. Azken hamarkadako obra publiko handi gehienetan zatiren batean lan egin du Viuda de Sainzek: BEC, Hegoaldeko saihesbidea, Metroa, San Mames Barria, abiadura handiko trena, Artigasko zabortegiaren egokitzapena eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta, Bilboko portuko handitze lanak...
Transitian, beraz, Bizkaian obra garrantzitsuak egin dituen enpresa bateko bazkideak eta Serbitzu SLren ingurukoak batu dira. Urte gutxian lehiaketa publiko garrantzitsu batzuk ere irabazi ditu Transitiak. Aurten bertan, Bizkaian, Hegoaldeko saihesbidearen, Artxandako tunelen eta AP8aren kudeaketa lanen lehiaketa irabazi du, Pabisa enpresarekin aurkeztuta. Donostiako autobus geltokiko lanak egingo dituen enpresetako bat ere bada.
Transitia, Serbitzu eta Viuda de Sainz enpresen bazkideen artean dozenaka enpresa osatu dituzte, bestalde, eta askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzte: TAO kobraketak —Bilbon eta Zarautzen, esaterako—, aparkalekuen kudeaketa —Bilboko Zabalgunekoa, adibidez—, zaharren egoitzak, segurtasun zerbitzuak, errepideetako mantentze lanak... Transitiako administrazio kontseiluko bazkide batzuek GMSM Medioambiente enpresa sortu ere zuten, eta haren bidez parte hartu dute Karrantzako minda plantan.
Bestalde, Gerediaga-Elorrio autobiaren obran ere parte hartzen ari da Transitia. Iaz Bilduk salatu zuenez, «kilometroko, penintsulan egiten ari diren errepide garestiena» da. 6,4 kilometroko luzera duen saihesbidea egiteko, 362 milioi euroko gastua egin beharko du Bizkaiko Diputazioak, kostua %42 garestitu baita —56,6 milioi euro dira kilometroko—. Eta horri erantsi behar zaizkio 143 milioi euroko kostuak mantentze lanetan (30 urtera), eta 394 milioi euro gehiago bankuei interesetan ordaintzekoak.
Bidelani eginiko ordainketak, hamar urtean. Bidegik 267 milioi euro eman dizkio Bidelani, 2003az geroztik, AP8 eta AP1 autobideak kudeatu, mantendu eta ustiatzeko.
Kontratuaren aldaketa. 2010ean kontratua aldatu zuten Bidegik eta Bidelanek. Azken lau urteetan, 144 milioi euro ordaindu dizkio Bidegik Bidelani. Kontratua aldatu ez balitz, aldundiak 15,6 milioi euro gutxiago gastatuko zituela azaldu du diputazioak aste honetan.
Kostua, bikoiztuta. Bidelanek 18,5 milioi euro kobratu zizkion Bidegiri 2004an. Hamar urtean bikoiztu egin da kostua; Bidelanek 37,3 milioi euro kobratu zituen 2012an.